Politika -
Kurtso politikoaren hasiera
Iglesiasek ez du PSOErekin itunik egingo, eta PP-PSOErena espero du
Bestalde, Pablo Casado PPren Komunikazio idazkariordeak iragarri du ez dutela Konstituzioaren erreforma hauteskunde programan sartuko.
agentziak | erredakzioa
Pablo Iglesias Podemosen idazkari nagusiak iragarri du datozen hauteskunde orokorrei begira ez dutela PSOErekin itunak egitea aurreikusten, eta sozialistek PPrekin batera "koalizio handia" egingo dutela aurreikusi du, Alemanian gertatutakoari erreferentzia eginez.
Horixe adierazi du prentsaurreko batean alderdi morearen buruak kurtso politikoari hasiera emateko egin duten bileraren ostean, zuzendaritzako gainerako kideen babesean.
"Hauteskundeak irabazteko ez da guztiz ezinezkoak diren itunez hitz egin behar", adierazi du Podemosen eta PSOEren arteko balizko itunei buruz. "PSOEk PPrekin agintzeko borondatea du. Gu irabaztera goaz, eta gure agendan ez dago bestelakorik. PPren eta PSOEren arteko itunaz hitz egin beharko litzateke", azaldu du.
Horren inguruan, Iglesiasek adierazi du "PP-PSOE aliantza" aurreikusten duela, "PSOEko militante askok beste zerbait nahiko balute ere". "Espainiako eta kanpoko botere ekonomiko handiek bultzatuta ari dira lanean koalizio handi bat egiteko, Alemanian koalizio handiak egiten duen gauza bera egiteko, eta PPk eta PSOEk Europako Parlamentuan egiten dutena egiteko, botoa elkarrekin ematen baitute beti", ohartarazi du.
PPk uko egin dio Konstituzioa erreformatzeko ekimena bultzatzeari
Bestalde, Pablo Casado PPren Komunikazio idazkariordeak iragarri du ez dutela Konstituzioaren erreforma hauteskunde programan sartuko, eta uko egingo diola gai horretan ekimena bultzatzeari, nahiz eta beste alderdi batzuek proposatutako edozertaz "hitz egiteko prest" egon.
Casadok azpimarratu du erreforma hori ez dela PPrentzat "lehentasuna", eta ez duela planteatuko hurrengo legegintzaldian. "PPk ez du Konstituzioaren erreforma hauteskunde programan sartuko, ez da espainiarren interesekoa", aurreratu du.