Politika -
Areatzako jaiak
Presoen aldeko hiru ekimen debekatzeko eskatu du Urquijok
Urquijok idatzi bana bidali die Juan Carpalsoro EAEko fiskal nagusiari eta Estatuko Abokatutzari, jaietako programan aurreikusitako ekimenez berri emateko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizkaiko Areatza udalerriko jaietan, presoen aldeko bazkari bat eta txokolatada bat egiteko asmoa zuten, eta horiek debekatzeko eskaera egin du gaur Carlos Urquijo Espainiako Gobernuko ordezkariak.
Urquijok idatzi bana bidali die Juan Carpalsoro EAEko fiskal nagusiari eta Estatuko Abokatutzari, Areatzako jaietako programan aurreikusitako ekimenen berri emateko. Presoen aldeko txokolatada, bazkaria eta elkarretaratzea debekatzeko eskatu die Urquijok.
Espainiako Gobernuko ordezkariaren iritziz, hiru ekimen horiek Konstituzioak administrazio publikoei eskatzen dien objektibotasun printzipioa urratuko lukete, eta biktimak “umiliatu” egiten dituztela gaineratu du.
Bihar goizaldean, 02:30ean, txokolatada egingo dute Jai Batzordearen txosnan, presoen eskubideen alde, eta asteazkenean, berriz, bazkaria eta elkarretaratzea.
"Zuzenbide-estatuak ezin ditu jarrera iraingarri horiek aintzat hartu gabe utzi", nabarmendu du. "Ezker abertzaleak biktimak umiliatzean oinarritzen du bere dibertimendua", gaineratu du.
"Itxuraz errespetugabetzat" jo ditu ekintzak Calparsorok
Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak gaur egin dituen adierazpenen arabera, terrorismoaren biktimenganako "itxuraz errespetugabetzat" iruditzen zaizkio Areatzako jaietan presoen alde programatu dituzten ekitaldiak .
Bere aburuz, presoen eskubideen aldeko "txokolatada" bati buruz aritzea, printzipioz "biktimen legearen aurkako kutsua izan dezake" eta "biktimenganako iraingarri samarra gerta daiteke".