Politika -

Dokumentazioa

Schengen Eremua: 26 herrialde eta muga bakarra

'Laissez faire, laissez passer' kontzeptua da, itunarekin bat egin zuten herrialdeetako biztanleei aplikatuta; mugak kendu egiten dira, bisak erraztu eta polizien arteko harremanak bultzatu.

Shengen Eremuko joan-etorrien askatasuna kolokan

1:36

Iker Gonzalez | Eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Schengen Ituna Europako 26 herrialdek sinatutako akordioa da (horietako 22 Europar Batasuneko kide dira), eta, horren bidez, barneko mugak kendu eta muga bakarra ezartzen du, Schengen Eremutik kanpo dauden herrialdeetatik bereizteko.

Hala, eremuaren sortzaileek 1985ean bultzatutako ekimena da (Frantzia, Alemania, Belgika, Luxenburgo eta Herbehereak), pertsonen zirkulazio askea lehenesteko, eta EBren eragin-esparrutik kanpo.

Schengen Luxenburgoko hiri bat da, eta lehenengo akordioa bertan sinatu zutelako hartu zuen itunak izen hori.

Honatx, itunaren neurri nagusiak: barneko mugen kontrolak desagerrarazi; EBren estatu kideen kanpoko mugak zeharkatzen dituzten pertsonentzako araudia egin; herrialdeetan sartzeko eta bisak onartzeko baldintzak armonizatu; poliziaren eta epaitegien arteko koordinazioa indartu, estradizio sistema azkartuz eta epaien aplikazioa sendotuz, eta, azkenik, Schengen Informazio Sistema (SIS) sortu.

Azken neurri horri dagokionez, partekatutako informazioaren gaineko sistema estatu kideek emandako datuek hornitzen dute, epaileek eta mugaldeko poliziek erabil ditzaten, pertsonen eta gauza materialen inguruan sakontzeko.

Alemania, Austria, Belgika, Danimarka, Eslovenia, Espainia (1991tik), Estonia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Herbehereak, Hungaria, Islandia, Italia, Letonia, Liechtenstein, Lituania, Luxenburgo, Malta, Norvegia, Polonia, Portugal, Txekia, Eslovakia, Suedia eta Suitza dira ituna sinatu duten estatuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Batasun europarra Zer ari da gertatzen Europan? Erresuma Batua Alemania Frantzia bideoak