Politika -
Elkarrizketa
EAJk bakarrik ez du elkarbizitza lortuko, Arantza Quirogaren irudiko
Halaber, "ETAren amaiera-prozesuan" Mariano Rajoy buru izateko nahia azaldu du PPko Euskadiko presidenteak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arantza Quiroga PPko Euskadiko presidenteak adierazi duenez, datorren legegintzaldian "ETAren amaiera-prozesua" Mariano Rajoyk gidatu beharko luke. Gainera, EAJri ohartarazi dionez, berak bakarrik ez du elkarbizitza lortuko.
Halaber, baketze-prozesuan "mozkin politikoak" ateratzen saiatu izana leporatu dio alderdi jeltzaleari. "Euskadin bilgune bidea dago EH Bilduren eta EAJren artean, bakeari eta autogobernuari dagokienez, Nafarroan gertatzen ari den bezala", salatu du.
Europa Pressi eskainitako elkarrizketa batean Quirogak adierazi duenez, ezker abertzaleak "eman behar dituen behin betiko urratsen zain daude" alderdi guztiak, ETAk egindako mina aitortu ahal izateko, "jazotakoarekin lan egiteko asmoz".
"ETA talde terrorista bat da, eta desagertu egin behar da", gaineratu du, "ikuspuntu politikotik, alderdietako buruzagiek elkarbizitza eraiki behar dute, euskal herritarren arteko konfiantza berriz osatu behar delako".
PPko Euskadiko presidenteak adierazi duenez, nahiko luke 'ETAren amaiera-prozesuan' Mariano Rajoy buru izatea, "eman beharreko guztia emango baitzuen".
Quirogaren irudiko, Gobernuko presidenteak ez du legegintzaldi honetan hori egiteko astirik izan, "erreskatea saihesteko asmoz, ekonomiari adi egon baita".
Arriola: 'EAJk bi arima ditu'
Bestalde, Iñaki Arriola Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiak adierazi duenez, EAJk badaki "ez dela posible" sozialistekin itunak lotzea "aldebikotasunaren gaian, edo erabakitzeko eskubidearen gainean".
El Correori eskainitako elkarrizketa batean buruzagi sozialistak esan duenez, PSEk autogobernua hobetu nahi du, eta Estatutuaren eskumenak babestu, baina "haratago joan eta independentziarako zubiak eraiki gabe".
Gainera, Arriolaren esanetan, EAJk "bi arima ditu: bata, bizkaitarragoa, eta oro har praktikoago den lehendakaria; eta bestea, berriz, Egibar bera da".