Politika -
Konstituzioaren erreforma
Barkos: 'Ez gara bat etorriko PPrekin Konstituzioaren erreforman'
Bestalde, EAJk aitortu du "kezkatuta" dagoela, PPren balizko proposamenekin ados egongo ez daudela uste baitu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak adierazi duenez, "politikoki logikoa" da Rafael Catalá Espainiako Justizia ministroak Konstituzioa zenbait arlotan erreformatu nahi izatea, hala nola Estatuaren eta erkidegoen eskuduntzak zehazteko.
Nolanahi ere, balizko erreformari heltzeko orduan, Espainiako Gobernuarekin ?desadostasunak? izango dituztela aurreikusi du.
Administrazioaren sindikatuekin bildu baino lehen egin ditu adierazpenok, kazetarien aurrean.
Bestalde, Pedro Azpiazu EAJko diputatuak aitortu egin du alderdi jeltzalea ?kezkatuta? dagoela erreforma iragarpenekin. Izan ere, PPren Gobernuak ?hainbat eskuduntza urratu ditu eta atzera egin nahi izan du eredu autonomikoan?. Horrenbestez, balizko proposamenekin ados egongo ez daudela uste du.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, EAJk baldintza bat jarri duela azaldu du diputatuak: "Euskadi nazioa dela eta gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugula aitortzea".
Sozialistei dagokionez, PSE-EEren Eusko Legebiltzarreko bozeramaile José Antonio Pastorri "arinkeria hutsa" iruditu zaio Rafael Catalá Justizia ministroak konstituzio-erreformaren pareko eztabaida garrantzitsua zehaztu gabeko adierazpen batzuekin ireki nahi izatea. Ildo horretatik, PPri "estatu sena" izan dezala eskatu dio, Diputatuen Kongresuan erreformari seriotasunez heltzeko.
Amaiurretik, Iker Urbina diputatuak Catalaren adierazpenak "PP eta Gobernua murgilduta dauden zentralizatze-prozesuaren" adibide bat direla esan du gaur, eta Katalunian eta Euskal Herrian bizi den egoera politikoari erantzuteko era.
"Gure aburuz, Estatuak aldaketa askoz sakonagoak behar ditu; benetako etendura demokratikoa behar du, gaur egun dagoen demokrazia gabeziari aurre egiteko, eta ez Catalak planteatzen duen makillaje soila", azpimarratu du.
Azkenik, PPren Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Borja Semperrek azpimarratu du Konstituzioaren erreforma ez dagoela PPren alderdiaren berehalako agendan, eta Justizia ministroak esan zituenak "ahoz goran egindako gogoetak" besterik ez direla.