Politika -
Kataluniako hauteskundeak
Gaur sinatuko du Masek irailaren 27ko hauteskundeen deialdia
Dekretua 21:00ak aldera sinatuko du Artur Masek. Orain dela egun batzuk, Generalitateko presidenteak berak iragarri zuen dekretua "erasoezina" izango dela "zuzenbidearen ikuspuntutik".
Agentziak | Erredakzioa
Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidenteak gaur 21:00ak aldera sinatuko du irailaren 27ko Kataluniako hauteskundeen deialdiaren dekretua. Independentziaren gaineko plebiszitu-hauteskundetzat jotzen dute, baina dekretuan ez dute prozesu independentistaren gaineko aipamenik egingo, Gobernu zentralak aurka egitea ekiditeko helburuarekin.
Masek berak ziurtatu zuen CDCren Consell Nazionalean, aurreko ostegunean, dekretua "erasoezina" izango dela "zuzenbidearen ikuspuntutik".
Halere, azpimarratu zuenez, nahiz eta legearen ikuspuntutik ohiko hauteskundeak izango diren, ez dira hala izango politikaren ikuspuntutik, alderdiek independentziaren inguruko plebiszitutzat aurkeztuko baitituzte.
Dekretua sinatuta, Masek urtarrilean ERCrekin hartutako konpromisoa beteko du, irailaren 27an hauteskundeak deitzeko, hain justu independentziaren gaineko kontsultaren deialdia sinatu eta urtebetera.
Generalitateko presidenteak sinadura egin ostean, atzera kontua hasiko da; kanpaina irailaren 11an abiaraziko dute, Kataluniako Diadaren eguneko ospakizunekin batera. Urte honetan politika kataluniarrak aldaketa asko izan ditu, alderdiek formula berriak aurkeztu dituzte eta 2012ko hautagaiak ez dira berriz hautagai izango.