Politika -
Adierazpenak
Rajoy, Katalunian: 'Legea urratu nahi duenak arazoa izango du'
Gobernuko presidentea Castelldefelsen (Bartzelona) izan da, Xavier Garcia Albiol PPk irailaren 27ko hauteskundeetan izango duen hautagaiari babesa emateko.
Agentziak | Erredakzioa
Mariano Rajoy Gobernuko eta PPko presidentea Castelldefelsen (Bartzelona) izan da asteazken honetan, Xavier Garcia Albiol PPk irailaren 27ko hauteskundeetan izango duen hautagaiari babesa emateko, eta ekitaldian abisua luzatu dio Artur Mas Kataluniako presidenteari: "Legea urratu nahi duenak arazoa izango du", esan du.
Castelldefelsen egindako ekitaldian, Rajoyk esan du uste duela hauteskundeetako emaitzek "zatiketa eta konfrontazioaren tuneletik irteten hasiko garela". Haren ustez, "batzuek" (Artur Masi egin dio aipamena) "arduragabeko erabakiak hartu dituzte".
Rajoyk Albiol goraipatu du, ideia argiak izateagatik eta hiritarren arazoak ezagutzen dituelako (Badalonako alkate ohia da). Espainiako presidentearen esanetan, PP "jokoaren arauak urratu nahi dutenen aurrean kokatuko da", eta bermatu du legea beteko dela.
Kataluniako, Espainiako eta Europako onena
Rajoyk adierazi du bere alderdiaren helburua dela "kataluniarrek Kataluniako, Espainiako eta Europako onena izatea", eta aukeratu behar ez izatea. Lehentasuna, bere ustez, herritarren benetako arazoez arduratzea da; izan ere, hori bera egin du Albiolek, Rajoyk esan duenez, Badalonatik.
Alicia Sanchez-Camachori eskerrak eman dizkio bere adoreagatik, eta pozik agertu da hautagaia Albiol delako: "Honek erakusten du PPrentzat oso garrantzitsuak direla irailaren 27ko hauteskundeak; eta niretzat ere bai; eta Espainia osoko PPrentzat, berdin".