Politika -
Hiru inputatu
Kutxabank auziko epaiketari hasiera ematea eskatu du herri-akusazioak
“Epaileak ahozko epaiketari hasiera emango dion auto bat igortzeko zantzu nahikoak” dituela uste du Jone Goirizelaia herri-akusazioko abokatuak.
Agentziak | Erredakzioa
Kutxabank auzian, Mario Fernandez bankuko presidente ohia, Mikel Cabieces Gobernuko ordezkari ohia eta Rafael Alcorta abokatua inputatuen aulkian jesartzeko ?nahikoa? zantzu daudela uste du herri-akusazioak.
Bilboko Argibideetako 4. Epaitegiak hirurak inputatu zituen. Kutxabankek Cabiecesi ustez 240.000 euro ordaindu zizkion hiru urtetan, bankuarentzako ustez egindako lanen truke. Ustez Rafael Alcortak zuzendutako abokatu-langelatik egin zuen lan Espainiako Gobernuaren ordezkari ohiak.
?Epaileak ahozko epaiketan amaituko den prozedura laburrari hasiera emango dion auto bat igortzeko zantzu nahikoak? dituela uste du Jone Goirizelaia herri-akusazioko abokatuak. Herri-akusazioa LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek eta EKAk eta Euskal Herriko Pentsiodunen Plataformak osatzen dute.
Defentsaren frogarik, ez
Prozesuko instrukzioaren lehen fasea amaitu ondoren, inputatuen abokatuek ez dute froga bakar bat ere ekarri Cabiecesek jasotako soldata Kutxabankentzat egindako lan eta txostenen truke izan zela egiaztatzeko.
?Ez dute batere frogarik aurkeztu Cabiecesen eta Kutxabanken arteko lan harremana egiaztatzeko, nahiz eta prozedura hasieran ekarri behar zituztela iragarri?, erantsi du Goirizelaiak.
Goirizelaiaren ahotan, orain arte aurkeztutako froga guztiak Fiskaltzak eta herri-akusazioak ekarri dituzte, eta ?kontrakoa? erakusten dute.
Urtzi Ostolozaga (LAB) sindikatuen eta kolektibo sozialen bozeramaileak salatu duenez, Kutxabanken ustezko irregulartasunak ?politikari batzuen mesedetan ari den ate birakarien sistemako adibide argi bat dira?.