Politika -
Hego Euskal Herrian
Euskal hautagaitza bateratua proposatu dute hauteskunde orokorretarako
Autodeterminazioaren alde dagoen talde batek bat egiteko deia egin die EH Bilduri, Ahal Duguri eta Irabaziri.
agentziak | erredakzioa
Hego Euskal Herriko bi erkidegoetan zerrenda bateratuak osatzeko proposamena aurkeztu dute gaur gizarte zibileko hainbat pertsona ezagunek, Espainiako hauteskunde orokorrei begira.
Proposamena egin duten gehienak Euskal Herriko unibertsitateko irakasleak dira, besteak beste, Ramon Zallo, Francisco Letamendia, Periko Ibarra eta Beatriz Zabalondo; baita Mariano Ferrer kazetaria ere.
Estatutuen erreformatik harago, prozesu eratzaile oso bati ekin beharra azpimarratu dute, aldaketa soziala helburu. Irakurri duten agirian diote, hain zuzen, eskutik joan behar dutela prozesu nazionalak eta sozialak.
Alderdiei eskari zuzena egin diete: beste ezeren aurretik herritarren interesak jartzeko.
Deia EH Bildu, Ahal Dugu, Irabazi, Ezker Anitza eta Equo alderdiei zuzendu diete, eta preseski baztertu dituzte EAJ, PSE-EE eta PP.
Azaldu dutenez, EHUtik abiatutako ekimena da, baina feminismoa, ekologia, internazionalismoa eta euskalgintza ditu oinarri.
PPren politikei aurre egiteko gizartearen gehiengo batek egiten duen eskariari erantzutea dute helburu.
Orain, pertsona esanguratsuen sinadurak jaso nahi dituzte eta indar politiko ezberdinekin elkarrizketak hasiko dituzte.
EH Bilduk proposamena ondo hartu duela kontatu dute.