Politika -

Kataluniako Hauteskundeak

Fernandez Diazek esan du Guardiolak diruagatik jokatu zuela selekzioan

Barne ministroari tristea iruditzen zaio Guardiola CDCk eta ERCk adostutako zerrendan egotea. Gaineratu du aberriagatik jokatu beharrean diruagatik jokatu zuela Espainiako selekzioarekin.

Pep Guadiola, A9ko kontsultan botoa ematen. EFE.
Pep Guadiola, A9ko kontsultan botoa ematen. EFE.
Pep Guadiola, A9ko kontsultan botoa ematen. EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jorge Fernandez Diaz Espainiako gobernuko Barne ministroak gogor kritikatu du Pep Guardiola Bartzelona futbol taldeko jokalari eta entrenatzaile izandakoa irailaren 27ko hauteskundeetara zerrenda independentistan aurkeztuko izana. Espainiako futbol selekzioan diruagatik bakarrik jokatzea egotzi dio.

Fernandez Diazen hitzetan, edonork du politikan aritzeko eskubidea, baina Guardiolaren kasua tristea eta negargarria iruditzen zaio; ministroarentzat ez da egokia Bayern Municheko entrenatzailea izan eta, aldi berean, politikan aritzea.

COPE irrati-katean egin dioten elkarrizketan, itxurakeriatan aritzea egotzi dio Guardiolari ministroak. Espainiako futbol selekzioan aberriagatik jokatu beharrean diruagatik jokatu zuela esan du Fernandez Diazek. «Aurpegitik maskara kentzen dutenean, garbi ikusten da: pertsona horientzat jainko bakarra dirua da», gaineratu du.

Katalunian irailaren 27an egingo diren hauteskundeetarako CDCk eta ERCk adostu duten zerrenda bateratuan azken lekuan joango da Pep Guardiola. Entrenatzaileak garbi utzi du Bayern Munich taldean jarraitu nahi duela lanean, eta ez duela diputatu izateko asmorik.

Nafarroako egoera, 'kezkagarria'

Bestalde, Barne ministroak adierazi du "kezkagarria" dela Nafarroak, gaur egun, bizi duen egoera, Uxue Barkos Geroa Baiko hautagaia presidente izendatu ondoren. Fernandez Diazen hitzetan, "EH Bildurekin lotura zuzena duen pertsona bat jarri dute Barne kontseilari modura".

Atzoko bozketan PSN abstenitu izana ere kritikatu du. "Pedro Sanchezek komeni zaionean Espainiako bandera handi bat jartzen du parean, baina gero, akordioak itxi behar direnean, ez du inolako arazorik independentistekin eta ezkerreko muturrekoekin itunak lotzeko", esan du.

"Foruzaingoa, orain, Bilduren agindupean dago eta horrek eskenatokia erabat aldatzen du", ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniako Hauteskundeak gaur