Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
EAJ:'Espainiaren batasuna nagusitasunean eta ukapenean oinarritzen da'
Gainera, Andoni Ortuzarren esanetan, "Uxue Barkosek zentzuz egingo du aldaketa" eta "haize freskoa ekarriko" du.
Iker Gonzalez | eitb.eus
Andoni Ortuzar EAJko EBBren presidenteak adierazi duenez, "Espainiaren egungo batasuna ez dugu gustuko, agintari espainiarren bat gurera etortzen denean batasunaz, irmotasunaz? aritzen da. Guri ez zaigu egungo batasuna gustatzen, beste nazioenganako nagusitasunean eta ukapenean oinarrituta baitago".
Horren ildotik, "bigarren mailan uzten gaituzte nazio sentimendua dugunoi, eskualde gisa".
Radio Euskadik egindako elkarrizketa batean, agintari jeltzaleak atzo, astelehena, Felipe II.ak Bilbora egindako bisita izan du hizpide. "Guk nazioen batasuna nahiko genuke, adostuta, berdinen artean, badaude munduan zehar nik aipatzen dudana jasotzen duten ereduak".
"Hurrengo batean, erregea edo presidenteren bat etortzen denean, nahiko genuke hitz egin dezaten estatua, nazioa, denon artean egiteko moduaz, nazio gisa aitortuta izango garen eredu batez", gaineratu du.
Nafarroan, Uxue Barkosek gidatuta, egindako Gobernu aldaketaren inguruan, EAJren presidenteak esan duenez, "berak esan zuen atzo, aldaketa zentzuz egingo dute, uste dut jende askok nahi duela tren hori bidetik irtetea, erosoago zeudela lehengo Nafarroarekin eta, haien ustean, Uxuek eta bere Gobernuak haiek egindako akatsak, sektarismoa? errepikatuko dituztela".
"Uxuek argi utzi zuen aldaketa zentzudunez egingo duela, aurreko boladan inposatutakoaren kontrakoa ezarriko du, haize freskoa ekarriko du", baieztatu du.
Arantxa Quirogak egindako adierazpenez ere mintzatu da Ortuzar. Euskadiko PPren buruak adierazi zuen Nafarroako Gobernua Sabin Etxetik zuzenduko zutela. "Ez da egia -Ortuzarren arabera-, argi eta garbi esan genuen iaz eta aurtengo kanpainan ere errepikatu du, oso kritikoak izan gara Nafarroako politika Ferrazen eta Genovan erabaki dutelako, Iruñean beharrean". "Nik esan zuen horren kontra nagoela, eta besteek txarto egin dutena ez dugu guk egingo, Nafarroa bertatik gobernatu behar da".