Politika -
Gurasoen baimena
Abortuaren erreforma onartu du Diputatuen Kongresuak
Gutxienez PPko lau diputatuk aurkako botoa eman dute eta beste bat abstenitu da. Ia oposizio guztiak lege aldaketaren kontrako botoa eman du.
Agentziak | Erredakzioa
Abortuaren erreforma onartu du gaur Diputatuen Kongresuak. Horrela, adingabeek ezin izango dute abortatu gurasoen baimenik gabe. Erreforma PPk aurkeztu zuen, baina gutxienez Alderdi Popularreko lau diputatuk kontrako botoa eman dute gaur eta beste bat abstenitu da bozketan.
Ia oposizio guztiak lege aldaketaren kontrako botoa eman du. Hala ere, PPk gehiengoa du Ganberan eta Unioren babesa jaso du Senatuan tramitea jarraitzeko.
PSOE, Convergencia, Izquierda Plural, UPyD, EAJ, BNG eta ERCren zuzenketa partzialak atzera bota dituzte bozketan. Adingabeen eta emakumeen babesa indartzeko Lege Organiko proposamena Senatura itzuliko da, iragan apirilean egin bezala.
Aldaketarik gabe tramitazioa bertan bukatzea espero du PPk, testua berriro Diputatuen Kongresuak berretsi behar ez izateko. Horrela, iraila bukaeran Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzeko prest egon daiteke, Parlamentuko iturrien arabera.
Alfonso Alonso Osasun ministroa Diputatuen Kongresuan. Argazkia: EFE
Justizia Ministerioak planteatutako abortuaren erreforma Gobernuak atzera bota ondoren, PPk ekimena aurkeztu zuen Kongresuan. Abortua aurrera eramateko hipotesien sistema murriztaileagoa proposatzen zuen proiektuak. Exekutiboak atzera bota eta gero, Alberto Ruiz Gallardonek dimisioa eman zuen.
Estatuko kontsulta-organoen iragazkirik gabe
Erreforma bultzatzeko modua zalantzan jarri dute gobernuz kanpoko erakundeek eta talde parlamentarioek; izan ere, Lege organiko proposamenak ez du Estatuko kontsulta-organoen iragazkia pasa behar izan.
Prozedurak bezala, erreformak berak ere kritika ugari jaso ditu, emakume ahulenen legez kanpoko abortu arriskutsua areagotuko duelako.
Biziaren aldeko elkarteek hauteskundeetako konpromisoak betetzeko eskatu diote Gobernuari. Egungo epeen sistema bertan behera utzi eta Auzitegi Konstituzionalak 1985ean babestutako sistema berriz ezartzea eskatzen diote elkarteek Exekutiboari.