Politika -
Salaketa
Urizar: 'Egungo egoera mantentzeko nahi dute erreforma PSOEk eta PPk'
Pello Urizarren hitzetan, "dena bere horretan mantentzeko" ari dira erreforma lantzen PSOE eta PP, eta "badirudi EAJ prest dagoela joko horretan parte hartzeko".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pello Urizar EH Bilduko ordezkariak salatu du PP eta PSOE "egungo egoera" mantentzeko ari direla erreforma konstituzionala prestatzen. “Dena bere horretan mantentzeko ari dira erreforma lantzen, eta badirudi EAJ prest dagoela joko horretan parte hartzeko, ñabardurak sartuz”.
Agerraldia egin du Urizarrek gaur goizean Donostian, datorren ostiralean Iñigo Urkullu lehendakariak eta Pedro Sanchez PSOEko buruzagiak egingo duten bileraz hitz egiteko.
PSOE Konstituzioaren “erreforma federala” egitearen aldekoa da, eta “helburu zehatzak” izango dituen erreforma bultzatuko du PPk, baina “ez batak ez besteak ez diete erantzunik emango euskal herritarren eskaerei”, Urizarren hitzetan.
Horren iritzian, “erabakitzeko eskubidea onartzen ez duen erreforma konstituzionala Euskal Herriaren subiranotasun irrika itoko duen beste inposizio bat baino ez da izango, orain arte bezala, inor erabat aseko ez duen itxura aldaketa baino ez”.
Halaber, Urizarrek kritikatu du EAJ sozialisten eta popularren proposamen horietan “ñabardura batzuk eginaz” parte hartzeko “prest” dagoela, “berme gehiago edo gutxiago duten eskuduntza autonomikoak” lortu nahian, “eta eskubideen nolabaiteko aitortza baina eskubideak aurrera eramateko modurik izan gabe, nahiz eta horrek edonolako aitortza hutsalean utzi”.
“PP eta PSOE egungo egoera mantentzearen alde dagoen txanponaren bi aurpegiak dira, itxura aldaketa batekin dena dagoen moduan uztearen alde dauden bi aldeak dira, eta, zoritxarrez, EAJk joko horretan sartzeko prestasuna duela ikusten dugu”, adierazi du.
Horren guztiaren aurrean, Urizarrek “Euskal Bidearen beharra” defendatu du, “eraikuntza nazionalerako eredua, eredu soziala eta ekonomikoa erabakitzeko lanabes bakar bezala”.
Urizarrek nabarmendu du erabakitzeko eskubidea jasotzen ez duen erreforma “akastuna” izango dela.