Politika -
Adierazpenak
EH Bildu: 'ETAk desarmea nahi du eta Espainiak eta Frantziak eragotzi'
Julen Arzuaga koalizioko legebiltzarkideak adierazi du azken egunetako atxiloketak "lekuz kanpo" daudela, bere iritziz.
Agentziak | Erredakzioa
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi du azken egunetan Ipar Euskal Herrian egindako atxiloketak "lekuz kanpo" daudela. Halaber, Arzuagak esan du ETAk, haren iritziz, desarmea egiteko borondatea azaldu duela, baina bitartean Espainiako eta Frantziako gobernuak "euren esku dagoena" ari direla egiten hori eragozteko.
Aste honetako polizia-operazioan bost lagun atxilotu dituzte. Horren ildotik, Arzuagak gogorarazi du, Bilbon emandako prentsaurrekoan, ETAk 2011n iragarri zuela borroka armatuari amaiera emango ziola, eta ordutik, aseguratu duenez, "desarme-prozesu batean murgilduta dago": "Borondate argia erakutsi du ETAk, eta borondate horren argibideak eman ditu, hitz eta eginekin", nabarmendu du. Hori dela eta, salatu du Espainiako eta Frantziako Estatuek, haren iritziz, "ez dituztela jartzen beharrezkoak diren bitartekoak desarme ordenatua ahalbideratzeko".
Gainerako herrialdeetan, "Estatuek bitartekoak jarri dituzte"
"Nola uler daiteke nahi ez izatea desarme hori gertatzea, euren esku dagoena egitea oztopatzeko, eragozteko? Nola interpreta dezakegu oztopo guztiak jartzea desarme ordenatua, segurua, egiaztatzeko modukoa eta arina egoteko?", galdetu du.
Arzuagak esan du gainerako herrialdeetan "Estatuek bitartekoak jarri dituztela, normalizazio politikoa gauzatzeko, desarme-prozesu hau amaieraraino babesteko". Halaber, azpimarratu du "eskema horrek, desarme ordenatu eta seguruarenak, herritarren babesa duelakoan gaude".
Alderantziz, salatu du, Espainia eta Frantzia ez dira "erantzun konstruktiborik emateko gai, errepresioa, jazarpena edo indarkeria ez den erantzunik". "Ez dira egoera berrira moldatzeko gai. Hori dela eta, euren erantzuna lekuz kanpo dago, denboraz kanpo, jokoz kanpo", ohartarazi du.