Politika -

Auzitegi Nazionala

ETAren zuzendaritza ikertuko dute, gizateriaren aurkako delituengatik

Auzitegi Nazionalak ikerketa abiatu du 2004. urtetik ETAko zuzendaritzan izan direnen aurka, baina baztertu egin du genozidioa leporatzea.

Gizateriaren aurkako delitutzak ikertu nahi ditu ETAren azken hilketak

1:22

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Pablo Gonzalez Auzitegi Nazionaleko epaileak ikerketa abiatu du ETAko zuzendaritzaren aurka, gizateriaren aurkako krimenak egitea egotzita. Erabaki honek talde armatuko hainbat buru berriz epaitzea ekar lezake.

Hori horrela, epaileak partzialki onartu du hainbat elkartek (tartean Dignidad y Justicia eta Luis Portero fundazioa) jarritako salaketa.

Autoan, Gonzalezek ETAko buruzagiak identifikatzea eskatu die Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari. Hain zuzen ere, 2004ko urritik zuzendaritzan izan direnak zehaztea nahi du, une horretan sartu baitzuten Espainiako Zigor Kodean gizateriaren aurkako krimena.

Nolanahi ere, epaileak baztertu egin du genozidioa egoztea. Izan ere, delitu mota horren arabera, hilketak egiteko aitzakiak "nazionalitatea, etnia, arraza edo erlijioa" izan behar dira. Kasu honetan, baina, "biktimak eta hiltzaileak, biak ala biak, espainiarrak dira", gaineratu du Auzitegi Nazionalak.

Halaber, ETAren jazarpena "politikoa eta ideologikoa" izan zela azaldu du epaileak, eta biktimak "helburu horiek lortzeko oztopo zirenak ziren". "Horrenbestez, biktimen artean militarrak, poliziak, politikariak eta, neurri txikiago batean, euskal nazionalistak ere izan dira".

12 hilketa

12 hilketa dira, bat Frantzian egina, gizateriaren kontrako krimen gisa epaitu ahal dituztenak, 2004ko urriaren 1etik aurrera egindakoak, orduan jarri baitzen indarrean delitu mota hori Espainiako Estatuan.

Bi guardia zibil, Carlos Saenz de Tejada eta Diego Salva, izan ziren ETAk Espainian utzitako azken biktimak, Mallorcako Palmanova herrian 2009ko uztailaren 30ean egindako atentatu batean.

Hala eta guztiz ere, ETAren azken hilketa hurrengo urtean izan zen, martxoaren 16an, Parisetik gertu. Izan ere, Jean-Serge Nerin polizia frantsesa hil zuen, sekula hil duen polizia frantses bakarra.

2004ko urritik 2006ko abendura, ETAk ez zuen inor hil, nahiz eta atentatuak izan.

Abenduaren 30ean 200 kilo lehergai zeramatzan auto bat leherrarazi zuen Barajaseko aireportuan, eta bi ekuadortar hil zituen.

2007ko abenduaren 1ean Raul Centeno eta Fernando Trapero guardia zibilak hil zituen, supermerkatu batetik atera zirenean, Capbretonen.

2008ko martxoaren 7an, hauteskunde orokorrak baino bi egun lehenago, ETAk Isaias Carrasco Arrasateko zinegotzi sozialista ohia hil zuen.

Bi hilabetera, maiatzaren 14an, lehergailua eztandarazi zuten Legutioko Guardia Zibilaren kuartelaren kontra, eta Juan Manuel Piñuel guardia zibila hil zuten.

Irailaren 22an, berriz, Luis Conde de la Cruz Armadako kidea hil zuten Santoñan, bonba-autoz.

Urte horretan bertan, 2008an, Inaxio Uria enpresaria hil zuten tirokatuta Azpeitian.

Espainiako azken hildakoak 2009an izan ziren. Ekainaren 19an Eduardo Puelles poliziaburua hil zuten Arrigorriagan, autoan jarritako lehergailu batekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Euskadi Ta Askatasuna albisteak