Politika -

Polizia-operazioa

Parisera eraman dituzte Ortzaizen atxilotutako bost lagunak

Espainiako Barne Ministerioak ETAren armak indargabetzeko egiturako arduradun izatea egotzi die atxilotutako bi laguni. ETAko ustezko kideei ostatu emateagatik atxilotu zituzten beste hirurak.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aste honetan Ortzaizen (Nafarroa Beherea) Frantziako Poliziak atxilotutako bost lagunak Parisera eraman dituzte. Espainiako Barne Ministerioak ETAren armak indargabetzeko egiturako arduradun izatea leporatu die atxilotutako bi laguni. ETAko ustezko kideei ostatu emateagatik atxilotu zituzten beste hirurak.

Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea ETAren logistika taldeko ustezko buruzagiak atxilotu zituzten asteartean Ortzaizeko etxebizitza batean. Handik ordu batzuetara, etxebizitzaren jabeak, Jeff Mateo eta Terexa Lekunberri, atxiki zituzten; atzo, osteguna, Graxi Etxebehere atxilotu zuten. Baionako polizia-etxean izan dituzte bostak.

Etxebehereren etxebizitzan egindako miaketan bi su-arma labur aurkitu dituzte. Etxea Iñaki Reta Frutos eta Xabier Goienetxea zeuden eraikinetik 200 metrora dago, Ortzaizen bertan, eta Retak eta Goienetxek gordeleku gisa erabili omen zuten.

Polizia-operazioa asteartean hasi zuten elkarlanean Guardia Zibilak eta Frantziako Poliziak, eta Espainiako Barne Ministerioak oso garrantzitsutzat jo du. Fernandez Diazen aburuz, erakunde armatua "koma egoeran dago, eta heriotzaren ziurtagiria bakarrik falta zaion hilotza baino ez da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea ETA albisteak