Politika -

ETA-ren aurkako operazioa

Jaurlaritza: 'ETA denbora galtzen ari da'

Desarmearen bidean pausorik eman ez duela nabarmendu du Josu Erkoreka bozeramaileak. Quirogaren hitzetan, Jaurlaritzako bozeramailea “ETAren eta terroristen etorkizunak kezkatzen” duela ematen du.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. EiTB
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. EiTB
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, "ETA denbora galtzen ari da"; izan ere, "ez du pauso eraginkorrik eman" behin betiko desarmearen bidean.

"ETAri ez zaio komeni pausoak atzeratzea", adierazi du, eta horren ildotik, lehen urratsa "desarme eraginkorra berehala hastea" izan beharko litzatekeela gaineratu du.

Gainera, ETA "denbora galtzen" ari dela azpimarratu du, "jakin badakielako polizia-operazioek ez dutela etenik izango".

Quiroga, “harrituta” Erkoreka “terroristen etorkizunak kezkatzearekin”

Erkorekaren adierazpenekin “harrituta” azaldu da Arantza Quiroga Euskadiko PPren presidentea. Quirogaren hitzetan, Jaurlaritzako bozeramailea “ETAren eta terroristen etorkizunak kezkatzen” duela ematen du.

“Tonuak harritzen du: 'Aizak, mugi zaitez eta armak entregatu, bestela atxiloketek jarraituko dute'”, kritikatu du Euskadiko PPren buruzagiak.

Eusko Jaurlaritzak “egun batean biktimen ondoan izan ez dela onartzen du, eta hurrengoan terroristen eta ETAren etorkizunak kezkatzen du gehiago”, salatu du Quirogak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak ETA