Politika -
14 lagun deituta daude
Etxeratek presoen senideen zitazioaren aurka egin du Donostian
Kolektiboak salatu duenez, ez dago argi zergatik deitu dituzten "auzia hain zabala eta irekia denez, ez dakigu zehatz-mehatz zein den benetako zergatia".
Agentziak | Erredakzioa
Etxerat euskal presoen senideen kolektiboak elkarretaratzea egin du gaur, asteartea, Donostian Auzitegi Nazionalean deklaratzera deitutako presoen 14 senideri elkartasuna adierazteko eta pairatzen ari diren "kriminalizazioa eta jazarpena" salatzeko.
EA, Sortu, Aralar eta Alternatiba alderdiek, LAB, ELA, ESK eta STEILAS sindikatuek, EHE kolektiboak eta Joxemi Zumalabe Fundazioak elkarretaratzearekin bat egin dute. Protesta Atotxako epaitegien aurrean egin dute ‘Senide izatea ez da delitua’ lelopean.
Rufi Etxeberria eta Joxean Agirre (Sortu), Ainhoa Beola eta Ernesto Merino (Aralar), Xabi Soto (Alternatiba), Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidea eta koalizioko batzarkideak eta zinegotziak bertan izan dira, Josu Ruiz eta Amaia Almirall, besteak beste.
Urtzi Errazkin Etxerateko bozeramailearen hitzetan, kolektiboa elkarretaratzea egin behar izan du berriz ere. “Bake prozesuan aurrerapausoak ematen jarraitu beharrean”, Espainiako Estatuak “bere makineria guztiarekin beste atzerapauso bat eman du, kasu honetan gure senide preso politikoen laguntza juridikoaren aurka eginez”, salatu du Errazkinek.
Zentzu horretan, 14 senitartekok Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko dutela azaldu du, horietako zazpik astearte honetan deklaratu dute dagoeneko, eta gainerakoek asteazken honetan deklaratuko dute.
Errazkinen ahotan, galdekatzeko “arrazoia ez dago batere argi; izan ere, auzi oso zabal eta irekia da eta benetako kausa zein den ez dakigu”. “Susmoa hartu eta abokatuen aurkako auzia dela nahiko argi daukagu, abokatu bat izateko eskubidea gehiago oztopatu nahi dute”, nabarmendu du.