Politika -

Ikurrina sanferminetan

Fernandez Diaz: 'Bilduk legea eta nafarren sentimenduak urratu ditu'

Barne ministroaren esanetan, EH Bilduk Euskal Herriaren independentzia eta Nafarroak bat egitea nahi du; "beste kontu bat da lortuko duten", erantsi du.

Zer esana ematen jarraitzen du Iruñeko udaleko ikurriñak

1:27

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroak EH Bilduri esan dio ezin direla nafarren sentimenduak eta legea urratu, sanferminetako txupinazoan, ikurrina Iruñeko udaletxean eskegita "argi eta garbi" egin dutenez.

Fernandez Diazek kazetarien aurrean egin ditu adierazpenok, Guardia Zibilaren egoitzan Siomnetta Smmaruga Suitzako Konfederazioaren presidente eta Justizia eta Polizia ministroarekin bildu eta gero.

"Agerikoa da, hiriburu nafarreko alkatea EH Bildukoa bada, halakorik gerta daitezkeela", esan du ministroak.

Zuzenbide-estatu batean, baina, "argi" dago legea bete egin behar dela, gaineratu du, eta "banderen foru legeak ikurrina eskegitzea galarazten du".

Ministroaren esanetan, EH Bilduk Euskal Herriaren independentzia eta Nafarroak bat egitea nahi du; "beste kontu bat da lortuko duten", erantsi du. Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzak "legearen arabera jardun du Justiziak esku har dezan", eta "legea betearaziko du", esan du Fernandez Diazek.

MAM-eko argazkia: ikurrina-iruna_

Gainera, ministroaren ustez, Justiziak ebatziko du ikurrina ezin dela eskegi eta segurtasun indarrei kentzeko aginduko die, agintari politikoek ez badute aurretik egiten.

Fernandez Diazen arabera, ikurrina eskegita "argi eta garbi" urratu dute legea, baina "baita nafar askoren, gehiengoaren, sentimenduak ere, foru erkidegoa nahi dutelako, ez beste erkidego batekin bat egitea".

"Ariketa positiboa"

Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatuak esan duenez, ikurrina eskegitzea "ariketa positiboa da elkarbizitzarentzat eta hiritarren aniztasunarentzat".

"Oso argi daukagu gaur egun arte aplikatu duten sektarismoaren amaiera dela. Lehenengo aldia da Iruñeko hiritar guztiak identifikatzen direla udaletxearekin", esan du Kongresuko Bozeramaileen Batzordean parte hartu aurretik.

Bestalde, Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramailearen arabera, sortutako polemika "hedabideetan dagoela dirudi" eta, gaineratu duenez, txupinazoa dela eta izandako ospakizunak "inolako arazorik gabe" egin ziren.

Gainera, Estebanek esan du nafarren sentimenduak "oso anitzak" direla eta ez duela polemika harrotu nahi. Jorge Fernandez Diaz ministroak egin dituen adierazpenen aurrean, alderdi batzuk "oso eroso daude" halakoak ikusita, jeltzalearen ustez, baina ahaztu egin du Nafarroak "arazo askoz sakonagoak" dituela, gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Albisteak Nafarroa Espainiako Gobernua EH Bildu Araba