Politika -

Konstituzioaren erreforma

Urkulluk 'estatu itun bat' eskaini dio PSOEri hurrengo agintaldirako

Balizko itun horren helburuetako bat "Konstituzioa erreformatzea" izan beharko litzatekeela adierazi du lehendakariak.

Iñigo Urkullu lehendakaria. EiTB
Iñigo Urkullu lehendakaria. EiTB
Iñigo Urkullu lehendakaria. EiTB

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak hurrengo legegintzaldian "estatu itun bat" sinatzea eskaini dio PSOEri, "krisi ekonomikoari eta erakundeen konfiantza eta balio krisiari erantzuteko".

El País egunkariak egindako elkarrizketa batean, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari eta Jose Luis Rodriguez Zapatero gobernuburu ohiari ere akordioa eskaini ziela azaldu du Urkulluk, kazetariak EAJren eta PSE-EEren arteko ituna Espainiara hedatzeko prest dagoen galdetu dionean.

Lehendakariaren ustez, balizko itun horren beste helburu bat "Konstituzioa erreformatzea" izan beharko litzateke. "EAJ erreforma horretan parte hartzeko prest dago", gaineratu du.

"Ardatz egituratzaileak beharrezkoak dira, eta konfiantza eta errespetua oinarri hartuta erakundeek egonkortasuna izatea ere bai. PSE-EErekin sinatutako akordioa guk nahi dugunaren adibidea da: batuketarena, ez fronteena", adierazi du.

Nolanahi ere, Urkulluk nabarmendu du oraindik ez dela Pedro Sanchez PSOEko buruarekin batzartu, baina Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak bilera bat antolatzea eskaini diola erantsi du.

Mariano Rajoy egungo gobernuburuari dagokionez, "iazko irailaren 15etik" ez dutela elkarrekin hitz egin deitoratu du Jaurlaritzako buruak. "Bost bilera egin ditugu hiru urtean, eta txosten eta argudio ugari aurkeztu dizkiot; abenduaren 31n erantzungo zidala esan zidan, baina oraindik ez dut erantzunik jaso", kritikatu du.

"Hanka-sartze handia izan da Gobernuko presidenteak gehiengo osoa aprobetxatu ez izana alderdi politikoekin harremanak normaltzeko", iritzi dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza albisteak EAE Espainia argazkiak Pedro Sánchez argazkiak