Politika -
Azpeitiko Epaitegia
Olano eta Goia lekuko gisa deklaratzera deitu dituzte, Bidegi auzian
Bilduren Gobernuak Bidegi auziaren inguruan jarritako bigarren salaketa tramitera onartu du gaur Azpeitiko Instrukzio Epaitegiak.
Bilduren Gobernuak Bidegi auziaren inguruan jarritako bigarren salaketa tramitera onartu du gaur Azpeitiko Instrukzio Epaitegiak. Markel Olano ahaldun nagusia eta Eneko Goia Donostiako alkatea lekuko gisa deklaratzera deitu ditu epaitegi horrek. Olanok erantzun du dagoeneko. Epailearen galderei "gustura" erantzungo die ahaldun nagusiak. "Behar beste azalpen" emango dituela gaineratu du Olanok.
AP-1eko Arlaban mendateko tuneleko obren ordainketetan irregulartasunak izan zirela salatu zuen Bilduren Gobernuak. Epaitegiak onartu egin du Foru Aldundiak jarri zuen salaketa, eta gaur bertan igorri du autoa.
Bost lagun deitu ditu inputatu gisa deklaratzera, Agustin Zugasti 2011n Bidegiko zuzendari teknikoa zena tartean. Mirari Azurmendi Bidegiko arduradun teknikoa eta Silvia Armenteros administratzailea ere deklaratzera deitu ditu epaileak.
Horiez gain, Arlaban aldi baterako enpresa elkarteko bi kide ere inputatu ditu: Jose Manuel Vacas lanen arduraduna eta Juan Francisco Gardia Euroestudios Ingeniaritza enpresako arduraduna.
Lekuko gisa deklaratzera deitu dituzten pertsonen artean, urriaren 26an deklaratu beharko dute Olanok eta Goiak. Horiekin batera, Felix Urkola Lazkaoko alkate berria, Luis Mari Apraiz Bide Azpiegituretako zuzendari ohia eta Miguel Angel de Landaluce Arabako Aldundiko Herri Lan diputatu ohia ere deitu ditu.
Gipuzkoako aurreko gobernuak maiatzaren 6an iragarri zuen Zugasti, Azurmendi, Garcia, Armenteros eta Vacas inputatzea eskatuko zuela. Horrez gain, Olano eta Goia lekuko gisa deklaratzera deitzeko eskatu zion epaileari, AP-1 autobideko lanetan ustez ondasun publikoak bidegabe erabiltzea egotzita.
Bidegi auziko bigarren salaketa izan zen, aurretik, 2014ko azaroan, beste bat jarri baitzuen.