Politika -

Legebiltzarra

Jose Luis Bilbao Kontu Epaitegiko kide izendatuko dute gaur

Segur aski, EAJko hiru bokal, PSE-EEko bi, PPko bat eta EH Bilduko bat aukeratuko ditu Legebiltzarrak.

Jose Luis Bilbao Bizkaiko jarduneko ahaldun nagusia. EiTB
Jose Luis Bilbao Bizkaiko jarduneko ahaldun nagusia. EiTB
Jose Luis Bilbao Bizkaiko jarduneko ahaldun nagusia. EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak Herri Kontuen Euskal Epaitegiko zazpi kide berriak hautatuko ditu gaur, eta, ezustekorik ezean, Jose Luis Bilbao Bizkaiko jarduneko ahaldun nagusia izango da horietako bat. Segur aski, EAJko hiru bokal, PSE-EEko bi, PPko bat eta EH Bilduko bat aukeratuko dituzte.

Hain zuzen ere, Jose Maria Gorordo Bilboko alkate ohiaren lekua har dezan eta erakundearen presidentea izan dadin proposatu du Bilbao EAJk. Alderdi jeltzalearen beste bi hautagaiak Begoña Marijuan eta Eusebio Melero dira. Egun, Herri Kontuen Euskal Epaitegiko kideak dira biak.

Bestalde, EH Bilduk Jose Manuel Altolagirre eta Xabier Txokarro proposatu ditu; PSE-EEk, Jose Angel Quintanilla eta Jesus Mariano Garcia; eta PPk, Teresa Crespo eta Jon Inchaurraga.

Bateraezintasunen Batzordea 09:10ean bilduko da, hautagaiei buruzko txostenak aztertzeko. Ondoren, batzorde horren ondorioak eztabaidatuko dituzte, eta izendapenak egingo dituzte.

Bozketan, EAJk eta PSE-EEk elkarri emango diote babesa, Legebiltzarraren menpe dauden erakundeak (Arartekoa eta EiTB, kasu) berritzeko 2013an sinatutako akordioaren ondorioz.

Egun, Epaitegiko hiru kide EAJkoak dira, eta bina PSE-EEkoak eta PPkoak. Azken alderdi horrek proposatu zuen Jose Ignacio Martinez Churiaque presidentea.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiko kideak Eusko Legebiltzarrak hautatzen ditu, sei urteko agintaldi baterako. Bozketan, gehiengo osoa behar da.

Kide berriak izendatu eta gero, Epaitegiak bilera egingo du, presidentea aukeratzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak