Politika -
Herri plataforma
ANk Sare ikertuko du horren baitan erakunde ilegalik dagoen argitzeko
Terrorismoaren Biktimak Babesteko Plataformaren arabera, Sarek datorren larunbaterako deitutako ekitaldiak "ETArekin kolaboratu edo horren kide izateagatik zigortutako pertsonak goraipatzea du xede".
Agentziak | Erredakzioa
Auzitegi Nazionalak Sare plataformaren jarduera ikertzeko eskatu die Polizia Nazionalari, Guardia Zibilari eta Ertzaintzari, gaixo dauden presoak aske uztea eskatzeko giza katea deitzeagatik, horren "atzean" legez kanpo utzitako organizaziorik ote dagoen argi dezaten.
Terrorismoaren Biktimak Babesteko Plataformak jakinarazi duenez, ikerketa berak jarritako salaketa batek abiarazi du, Sarek larunbaterako, hilaren 27rako, gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea eskatzeko Gasteizen larunbatean egingo den ekitaldia debekatzea eskatu eta gero.
Hala, erabakia Auzitegi Nazionaleko 3. zenbakiko Instrukzio Epaitegi Zentralak hartu du, eta Poliziari, Guardia Zibilari eta Ertzaintzari txosten bat "arin" egiteko eskatu die, aipatutako elkartearen arabera.
Sareren jardueren "atzean legez kanpo utzitako organizaziorik dagoen" jakin nahi du Auzitegi Nazionalak.
Ekainaren 2an eskatu zuen Biktimen Plataformak Sarek Arabako hiriburuan deitutako giza katea debekatzea.
Salatzailearen arabera, ekitaldiak "ETArekin kolaboratu edo horren kide izateagatik zigortutako pertsonak goraipatzea du helburu", alegia, "hildako eta zauritu kopuru handia eragin duten ekintza terroristak, bandaren historial gaizkilean zehar, goraipatzea".
Sarek kriminalizazio ahalegina ikusten du
Sare plataformak uste du Poliziak abiatutako ikerketa, Auzitegi Nazionalak eskatutakoa, bere jarduerak "kriminalizatzeko beste saio bat" besterik ez dela.
Sarek prentsa-ohar batean azpimarratu duenez, horren aurrean, "hasitako bideari eutsiko" dio, "giza eskubideen defentsaren erdigunean".
Sare ikertu beharrean, Espainiako Gobernuak presoekin duen "jokabidea" aztertu beharko luketela aldarrikatu du.
Giza katearen deialdia: