Politika -
Cabieces auzia
Cabieces ez zela Kutxabankentzat aritu frogatu nahi du akusazioak
Horretarako lekuko gehiago galdekatzea eskatuko dute auzian herri akusazio gisa jarduten duten sindikatu eta elkarteek.
Agentziak | Erredakzioa
Cabieces auzian herri akusazio gisa jarduten duten LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek eta pentsiodunen eta kontsumitzaileen elkarteek Espainiako Gobernuak EAEn zuen ordezkari ohiak Kutxabankentzat egin behar zituen lanak ez zituela egin frogatu nahi dute. Hori horrela, lekuko gehiago galdekatzea eskatuko diote auziaren ardura duen epaileari, gaur iragarri dutenez.
Kutxabankek Mikel Cabieces PSE-EEko buruzagiari egindako ustezko ordainketa irregularrak ikertzen ari da EAEko Auzitegi Nagusiko 4. zenbakiko epaitegia. Auzian, Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohia, Cabieces bera eta Rafael Alcorta abokatua daude inputatuta, dokumentuak faltsutzea eta administrazio desleiala egitea egotzita. Hiru urtean, 243.000 euro ordaindu zizkion Kutxabankek Cabiecesi.
Sindikatu eta elkarteotako ordezkariak elkarretaratzea egin dute ostiral honetan Bilboko epaitegietan. Joseba Barrena Kutxabankeko zuzendari orokorrak eta Maria Victoria Mendia Auditoria eta Betetze Batzordearen presidenteak lekuko gisa deklaratu behar zuten gaur. Galdeketokin, Kutxabankek Cabiecesi egindako ordainketen berri bazuela eta "ez zuela ezer egin" frogatu nahi du herri akusazioak.
Elkarretaratzean agertu dutenez, lekuko gehiagok deklaratzeko eskaera egin dute, besteak beste, Rafael Alcortaren bulegoko bi langilek eta Cajasur kutxako abokatuak (Kutxabankek bere egin zuen finantza erakunde hau).
Herri akusazioaren ustez, Cabiecesek hilean kobratzen zituen 5.000 euroak ez ziren Kutxabankentzat egindako lanengatik. Horretarako, euren hitzetan, Alcortaren abokatu bulegoa erabili zuten ordainketak "zuritzeko".
"Rafael Alcortaren bulegoan ez zen lan-karga handitu, eta beraz, Cabiecesen kontratazioa ez dago justifikatuta. Gure sindikatuetan aholkularitza juridiko hori astebetean egiten dute", nabarmendu dute.
Sindikatu eta elkarteon ustez, honek guztiak agerian uzten du "ate birakariak" daudela politikari batzuen mesedetan, eta Kutxabank "pribatizatzeak" lagundu egin duela horretan.