Politika -

IZENDAPENAK

Foru erakundeak, inbestidura saioak prestatzeko lanetan

Gipuzkoan ekainaren 23an izendatuko dute ahaldun nagusi berria eta Bizkaian, uztailaren 1ean. Araban eta Nafarroan ez dute datarik jarri, baina saioak beranduenez uztailaren lehen astean izango dira.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Markel Olano EAJren hautagaia ekainaren 23an izendatuko dute Gipuzkoako ahaldun nagusi, azken orduko ezustekorik ezean, PSE-EEren babesarekin, ostiralean elkarlanerako ituna adostu baitzuten. Batzar Nagusietan, ostiralean egin zuten legealdiko lehen bilkura, eta Eider Mendoza jeltzalea aukeratu zuten presidente. Gaur, bigarren bilkura egingo dute, bateraezintasunen saioa.

Gainerako erakundeek, oraingoz ez dute inbestidura saioetarako datarik jarri, baina aurreikuspenen arabera, beranduen jota, uztailaren lehen astean aukeratuko dituzte euren ordezkari gorenak.

Bizkaiko Foru Aldundiak baieztatu duenez,  uztailaren 1ean egingo dute Unai Rementeria ahaldun nagusi izendatzeko bilkura. Gipuzkoan bezala, Batzar Nagusietako presidentea (Ana Otadui jeltzalea) izendatu ostean, bateraezintasunen bilkura deituko dute ondorengo egunotan, inbestidura saioari bide emango diona.

Araban atzo izendatu zuten Pedro Elosegi Batzar Nagusietako presidente, eta hilabete honen azken asterako deitu nahi dute ahaldun nagusia izendatzeko saioa. Ezustekorik ezean, Ramiro Gonzalez jeltzalea izango da ahaldun nagusi berria, eta asteon adierazi duenez, inbestidura saioa lehenbailehen egitea nahiko luke.

Nafarroako Gobernu berria ere datozen asteotan osatzea espero da. Zantzu guztien arabera, Uxue Barkos izango da Foru Erkidegoko presidente berria. Inbestidura saioa Sanferminak abiatu aurretik egitea aurreikusten da.

Asteon osatu da Nafarroako Parlamentua. Ainhoa Aznarezek (Ahal Dugu) hartu du Foru Erkidegoko ganberako presidente kargua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gipuzkoako albisteak Nafarroa Araba