Politika -
Herriko tabernen auzia
Sortuk dio ezker abertzalea zigortzea dela ebazpenaren helburua
Azaldu duenez, "horrelako zigor politikoak dauden bitartean, bakea eta normalkuntza politikoa lortzeke egongo dira".
agentziak | erredakzioa
Sorturen arabera, Auzitegi Gorenak herriko tabernak konfiskatzeko eman duen aginduak "lan politiko independentista zigortu" nahi du, ezker abertzaleari eta "etorkizunerako dituen asmo politikoei kalte" egitearekin batera.
"Edonola nahi dute galarazi independentismoa botererako egiazko alternatiba izatea, eta ebazpen hau tresna bat da helburu horretarako. Izan ere, euskal herritarrek euren etorkizunaren inguruko erabakirik ez hartzea nahi dute, eta badakite ezker abertzalea hori ahalbidetzeko tresna dela", salatu du Pernando Barrena Sorturen bozeramaileak.
Joseba Permachekin, Karmelo Landarekin, Joseba Alvarez eta Rufi Etxeberriarekin batera Donostian emandako prentsaurreko batean azaldu duenez, gaurko ebazpenak "Alderdien Legean eta ideien ilegalizazioan du jatorria".
Era berean, herriko tabernen konfiskatzea "Frankismo garaitik jazarpen politikoagatik egin den ondare konfiskatze larriena" izan dela salatu du. Barrenaren esanetan, "konfiskatzearen larritasuna balio ekonomikotik harago doa, jarduera politiko alternatibo eta zilegia egiteko baliabideak kentzen dizkigutelako, eta dozenaka lanpostu galduko direlako".
Aralar: Estatuak ondarea lapurtzen du
Rebeka Ubera Aralarren idazkari nagusiak uste du "herritarren elkarteak konfiskatzeak eta Espainiako Estatuaren esku uzteak" ez duela "ez hankarik ez bururik", eta "ondarearen lapurreta argia" dela.
Uberak prentsa-ohar batean salatu duenez, "Europan aurrekaririk ez duen eskandalu juridikoa da".