Politika -
Gasteiz
'Bilduk aukeratutako Gobernuan' sartuko den galdetu dio Marotok PSOEri
Alkate ohiak kritikatu egin du lehendakariak "biktimei barkamena eskatu izana", eta, hurrengo egunean, EAJk "Bilduren botoak onartu izana Gasteizen zerrenda bozkatuenari Alkatetza kentzeko".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Javier Maroto Gasteizko alkate ohia Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiari zuzendu zaio, eta "Bilduren botoekin" izendatu duten Gobernuan PSE-EE sartuko ote den galdegin dio. Izan ere, "Bildurekin lotura duten gobernuekin zerikusirik izango ez dutela" esan zuen buruzagi sozialistak.
"Gasteizko Gobernua Bilduren botoekin aukeratu dute, eta Sanchezi egin beharreko galdera zera da, Alderdi Sozialista gobernu horretan sartuko da? Bai ala ez?", nabarmendu du, Europa Press agentziak antolatutako hitzaldi batean.
Marotoren esanetan, PSE-EEk Gasteizko Gobernuarekin bat egingo ez balu, alkateak "bost zinegotziren babesa" baino ez luke izango, eta oposizioan "22 egongo lirateke".
Gainera, kritikatu egin du ostiralean Iñigo Urkullu lehendakariak "biktimei barkamena eskatu izana", eta, hurrengo egunean, EAJk "Bilduren botoak onartu izana Gasteizen zerrenda bozkatuenari Alkatetza kentzeko".
Alonso: "Bilduren eragina gutxitu beharra dago"
Bestalde, Alfonso Alonso Espainiako Gobernuko Osasun ministro eta Gasteizko alkate ohiak EH Bilduren eragina "gutxitzeko" lanabesak bilatzeko deia egin du, "bizikidetza ez eraldatzeko".