Politika -

Hamargarren legegintzaldia

Susana Diaz Andaluziako presidente izendatu dute, C's-en babesarekin

Laugarren bozketan izan da, hauteskundeak egin eta 80 egunera. ''Bikoitza'' lan egiteko konpromisoa hartu du Diazek, galdutako egunak errekuperatzeko.

Susana Diaz Andaluziako presidente izendatu dute

2:14

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Susana Diaz sozialista ostegun honetan izendatu dute Andaluziako presidente, Ciudadanos alderdiaren babesarekin. Hauteskundeen osteko laugarren bozketa izan da gaurkoa, eta aurrera egin du PSOEren (47) eta Ciudadanos alderdiaren (9) botoekin. Izan ere, bi alderdiek aste honetan bertan sinatu dute inbestidura akordioa. PP, Podemos eta IULV-CA alderdiek kontra bozkatu dute (saioan ez dira egon PPko bi diputatu, ezinbesteak bultzatuta).

Hala, Andaluziako hamargarren legegintzaldiko presidentea da Susana Diaz, azken 80 egunotan izan den bitartekotasunari amaiera emanda. Izan ere, laugarren bozketa izan da gaurkoa, martxoaren 22ko bozketen ondoren. Bertan, PSOEk irabazi zuen, gehiengo sinplea lortuta.

Aurreko hiru bozketetan Diazen inbestiduraren kontra egin zuten gainerako alderdiek, akordio falta dela-eta. Hain zuzen ere, sozialistek beren proposamenetan ganbera berriaren aniztasuna jasotzen ez zutela argudiatuta.

Izendapenaren ondoren, Diazek esan du ''bikoitza'' lan egiteko prest dagoela, galdutako 80 egunak errekuperatzeko. Ziur da Andaluziak ‘’denbora eta egonkortasuna’’ irabaziko dituela, eta alderdi politiko guztiei eskua luzatzeko prest azaldu da, baita gaurkoan bere hautagaitza babestu ez dutenei ere.

Gardentasunerako 72 neurri

PSOEk eta Ciudadanosek asteartean sinatu zuten inbestidura akordioa eta, bertan, ''gardentasunerako eta demokraziaren birsorkuntzarako'' 72 neurri bildu zituzten. Proposamen fiskalak eta susperraldi ekonomiko eta soziala bultzatzeko neurriak ere bildu zituzten.

Epeak

Behin presidente izendatuta, erabakia Espainiako Gobernuko presidenteari eta erregeari jakinaraziko diote. Azken horren errege-dekretu baten bidez zehatu beharko du, eta, Estatuko eta Andaluziako Aldizkari Ofizialetan kaleratu ostean, kargua hartu ahalko du Diazek.

Litekeena da igandean edo astelehenean izatea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Albisteak PSOE