Politika -
Bake konferentzia
Parisko konferentziak Frantziako komunikabideak konkistatu ditu
'Liberation' egunkari ezkertiarrak bi orrialde eta editoriala eskaini dizkio euskal auziari eta France Inter irrati publikoak erreportaje eta tarte zabala.
Xabier Madariaga | Paris
Eliseoarentzat ETA ez da bere arazoa, Espainiarena baizik, eta politika horrek eragina du Frantziako komunikabideetan. Euskal bake prozesuari ez diote ia jaramonik ere egin azken urteotan. Biktimak, presoak, bitartekariak... Denak Parisko Asanblea Nazionalera ekarrita, Frantziako prentsak ez du aitzakiarik eta, oraingoan, ezin izan du beste alde batera begiratu.
Euskal gatazkaz hitz egitean, frantses gehienen gogoetara datorrela errugbi taldeen arteko norgehiagoka; hori onartu dute aste honetan France Inter irrati publikoak egindako erreportajean. Aste osoa daramate gaurko ekimenari tarteak eskainiz, baita goizeko albistegietan ere, entzunenetan ere bai.
Frantziako Gobernuarekiko jarrera nahiko kritikoak entzun ahal izan ditugu. Ipar Euskal Herriko hautetsien iritziak jasoz, irrati publiko frantsesak adore falta ikusten du Parisen zorroztasun jarreraren atzean.
Gerrari adiskidetzearen ordua iritsi zaio batzuentzat. Liberation egunkari ezkertiarrak, berriz, galdera bota du gaur: "Noizko euskaldunen bakea?". Titularraren aldamenean ikurrinaren argazkia eta testuz betetako bi orrialde. Euskal bake prozesuarentzat hainbeste leku uztea ez da batere ohikoa. Editoriala ere eskaini diote, azaltzeko Parisko ekimenaren erronka dela iritzi publikoa konkistatzea, horrela politikariengan presioa egiteko. Iritzi publikoarena ez dakigu, baina komunikabideen konkistatuta bai, arrakasta izan Parisko ekimenak.