Politika -
Andaluzia
Susana Diazen inbestidura akordioa itxi dute PSOEk eta Ciudadanosek
Inbestidura ostegunean, 18:00etan, egingo dute. Itunarekin bat egiteko eskatu die Andaluziako PSOEk PP, Podemos eta IUri. “Gobernatzeko txeke zuri bat ematen” ari ez direla esan du Ciudadanosek.
Agentziak | Erredakzioa
PSOE eta Ciudadanos alderdiek astearte honetan sinatu dute Susana Diaz Andaluziako presidente izendatzeko inbestidura akordioa. Arratsaldean sinatu dute inbestidura akordioa.
Presidentearen inbestidura ostegunean, 18:00etan, egingo dute, Andaluziako Parlamentuaren iturriek zehaztu dutenez.
Gainerako alderdiei itunarekin bat egiteko eskatu die PSOEk
Inbestidura itunarekin bat egiteko eskatu die Andaluziako PSOEk PP, Podemos eta IUri. Akordioa “serioa, anbizio handikoa, zorrotza eta irekia” dela azpimarratu dute sozialistek.
Juan Cornejo Antolakuntza idazkaria eta Mario Jimenez bozeramaile sozialista pozik agertu dira prentsaurrekoan. Akordioan Ciudadanosekin “adostasun maila altua” lortu dutela goraipatu dute bi agintariek.
Ciudadanos “Ez da txeke zuri bat”
Bestalde, hautagai sozialistaren aldeko botoarekin “PSOEri gobernatzeko txeke zuri bat ematen” ari ez direla ohartarazi du Manuel Buzon Andaluziako Ciudadanosen koordinatzaileak.
Irene Rivera Parlamentuko bozeramailearekin batera prentsaurrekoa eman du Buzonek, PSOEko ordezkariekin akordioa sinatu eta gero. Buzonen hitzetan, “Andaluziako herriarekin erantzukizunez jokatu du Ciudadanosek, egoerari blokeoa kentzea beharrezkoa zelako”.