Politika -

Andaluzia

Susana Diaz, inbestidurarako akordioa lortzeko azken astean

Alderdiekin beste bilera sorta bat egingo du gaur eta bihar. Adierazi duenez, akordioa lortu ezean, "andaluziarrek eurek erabakiko dute", hauteskundeak deituko baititu berriro.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zirt edo zart. Azken astea du honakoa Susana Diaz Andaluziako jarduneko presidenteak bera presidente berriro izendatzeko akordioa lortzeko. Hori dela eta, bilera sorta abiatu du gaur gainerako alderdiekin. Uztailaren 5a baino lehen ituna lortzea du helburu, eta halakorik lortu ezean, "andaluziarrek eurek erabakiko dute" hauteskundeak deituko baititu berriro, ohartarazi du.

Canal Sur Radio irrati-kateari eskainitako elkarrizketa batean nabarmendu duenez, Andaluzian gertatzen ari dena "surrealista da. 80 egun daramatzagu Gobernua osatu ezinik, honek ez du aurrekaririk Espainiako demokrazian. Bada garaia batzuek hausnarketa egiteko eta Andaluziako herriak merezi duen duintasuna eta erantzukizuna bere gain hartzeko".

Akordioa helburu, bilera sorta abiatuko du Diazek gaur eta bihar. Astelehen honetan bertan, Juanma Moreno Andaluziako PPren presidentea hartuko San Telmo jauregian (presidentearen egoitza). Hala ere, bihar egingo ditu bilera gehienak: 11:00etan, Teresa Rodriguezekin (Podemos) bilduko da; ordubete geroago, Juan Marinekin (Ciudadanos), eta 13:00etan, Antonio Maillo IULV-CA alderdiko idazkari nagusiarekin. Ondoren, Andaluziako PSOEko kideak ere hartuko ditu Diazek.

"Kromo aldaketa" salatu du Diazek

Jarduneko presidentearen aburuz, alderdi batzuk "bazterrak nahasten ibili dira" maiatzaren 24ko emaitzen zain edo. Diazek nabarmendu duenez, "ezin da egun bat ere galdu, 80 egun larregi dira Andaluzia gobernurik gabe egoteko".

Larunbata baino lehen akordioa lortzea posible ote den galdetuta, honakoa erantzun du Susana Diazek: "Andaluziarekiko erantzukizuna eta duintasuna lehenesten bada, ez legoke arazorik egon behar".

Andaluziako PPren jarrera ere ahotan hartu du buruzagi sozialistak. "Kromo aldaketa edo truke soila proposatu dute: zure esku Andaluziako Gobernua eta eman niri Sevillakoa". Diazen aburuz, proposatze hutsa beste hiriburuetako herritarrekiko errespetu falta da, "horrelako jarrerak politika munduaren txarrena dira, eta horrekin kokoteraino daude herritarrak", azaldu du.

Ciudadanosen kontura, ustelkeriaren kontrako ituna aipatu du Diazek, eta "laster" izenpetzea espero duela esan du. Etxegabetzeen aurka Podemosek eskatutakoak hizpide, kritiko agertu da Diaz: "Beste leku batzuetan gainditu daitezkeen marra gorriak hemen ezin dira pasatu", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia