Politika -

Omenaldia Oiartzunen

'Ertzaintza eredugarria izango da baldin eta kide guztiak hala badira'

Hala adierazi du Urkullu lehendakariak Oiartzunen, zerbitzuan hildako ertzainei egin dieten omenaldian.

Urkullu lehendakaria eta Beltran de Heredia Oiartzungo omenaldian. Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Urkullu lehendakaria eta Beltran de Heredia Oiartzungo omenaldian. Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Ertzaintzari omenaldia egin diote Oiartzunen

1:18

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak igande honetan adierazi du "eredugarritasuna" dela "Ertzaintzaren iragana etorkizunarekin lotzen duena" eta nabarmendu du Ertzaintza "eredugarria" izango dela baldin eta erakundea osatzen duten kide guztiak eredugarriak badira.

"Euskal gizarteak Ertzaintza eredugarri bat eskatzen du", azpimarratu du.

Hala adierazi du Urkullu lehendakariak Oiartzunen, azken urtean meritu handiko jokabideak izan dituzten ertzainei domina emateko eta zerbitzuan hildako ertzainak omentzeko egin den ekitaldian.

Oiartzungo ertzain etxean egin duten omenaldian, Urkulluz gain, bertan izan dira Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua eta Gervasio Gabirondo Ertzaintzako zuzendaria.

Urkulluk zerbitzuan hildako ertzainak gogoan izan ditu: "Gure lehen oroitzapena, aitortza eta omenaldia ETAren terrorismoak eragindako min bidegabea pairatu zenuten familientzat da. Jakin ezazue zerbitzuan hil zen ertzain bakoitza erakunde eta herri honen oroimenean egongo dela".

Ostiralean terrorismoaren biktimekin Donostian izandako ekitaldian erakutsitako konpromisoa berretsi du gaur lehendakariak: "Elkarrekin eraikiko dugu etorkizuna, gertaturikoa argituz eta horren kritika esplizitua eginez. Gure omenaldia memoriaren duintasuna eta Ertzaintzaren aitortza publikoa dira. Gainera, zerbitzuan hil zirenak gogoratu, aitortu eta omenduko ditugu".

Ertzaintzak hiritarrekin duen gertutasuna nabarmendu du Beltran de Herediak. Horren esanetan, ez da salbuespenezko polizia bat, ezta "aste honetan bizi izan dugun muturreko kasu mingarrietan ere"- kamioi gidari bat hil du ertzain batek tiroz Leitzan, ustez, trafiko eztabaida bat izan ondoren-.

Segurtasun sailburuak onartu du "bereziki aste mingarria" izan dela haren sailarentzat. Bestalde, ertzainen "elkartasuna" eta "konpromisoa" azpimarratu ditu eta horien bide-orria hiritarrengandik gertu egotea dela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Iñigo Urkullu Lehendakaria Eusko Jaurlaritza albisteak Oiartzun