Politika -
Argentinako medikuak
Auzitegi Nazionaleko medikuak ikertzea eskatu dute, torturengatik
Argentinako zortzi medikuk salaketa jarri dute Munduko Medikutza Elkartean. Bertan ANko medikuen jarduna ikertzea eskatzen dute.
Agentziak | Erredakzioa
Argentinako zortzi medikuk salaketa jarri dute Munduko Medikutza Elkartean, tortura salaketen aurrean Auzitegi Nazionaleko medikuen jarduna ikertua izan dadin. Mediku horien arabera, tortura horiek dokumentatu eta salatu ez dituena ere ''konplizea'' da.
Argentinako mediku horien ordezkaritza bat Bilbon izan da, Beatriz Etchegoyen doktorea buru; bere agerraldian, Ainara Bakedano, Anabel Prieto, Beatriz Etxebarria, Sandra Barrenetxea, Gorka Lupiañez eta Unai Romano presoen kasuetan jarritako salaketak izan ditu hizpide Etchegoyenek. Argentinako medikuaren arabera, jakin badakite ''torturak izan'' direla, eta denuntzia horietan jardun duten auzitegiko medikuek ez dituzte salatu.
Halaber, esan du badaudela hainbat jardun agerian uzten dutenak profesional horietako batzuek jakin badakitela zer gertatu den eta ‘’normatzat’’ jotzen dutela. Hain zuzen ere, ''Espainiara egindako bidaiak, senitartekoekin egindako elkarrizketak eta irakurritako salaketak'' hartu dituzte oinarri ikerketa egitea eskatzeko.
Salaketa auzitegiko mediku batzuen jardunean dago oinarrituta, baina Etchegoyen ziur da ''jardunbidea'' dela Auzitegi Nazionalean.
Medikuen abokatuak azaldu duenez, Munduko Medikuntza Elkarteari eskatu zaio esku hartu dezan, ''tortura kasuetan betebehar deontologikoak bete daitezen''.
Gaixo dauden presoak
Etchegoyenek gaixo dauden hainbat presoren egoera ere izan du mintzagai, eta esna du ''ikaratuta'' dagoela ikusita ''larri'' dauden presoak kartzeletan jarraitzen dutela. Hain zuzen ere, Txus Martin, Aitor Gogorza, Ibon Iparragirre eta Ibon Fernández de Iradi presoen egoera aipatu du.