Politika -
TXISTUAK ERESERKIARI
Ikurren aurkako erasoak saihesteko lege aldaketak bultzatuko ditu PPk
Hala ere, legealdi honetan legea aldatzeko denborarik ez dagoela onartu du Espainiako Gobernuak.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako ereserkiaren aurkako txistualdirik ez errepikatzeko lege aldaketak bultzatuko ditu Alderdi Popularrak.
“Legea aldatzeko unea da”, esan du Carlos Floriano PPren Antolakuntza idazkariorde nagusiak. Gertatutakoa gaitzesteaz gain, “beste pauso bat ematea” beharrezkoa dela erantsi du Florianok.
PPren arabera, txistualdiak adierazpen askatasuna gainditzen du. Auzitegi Nazionalak, ostera, adierazpen askatasunaren markoan kokatu zuen 2009an. Orduko hartan, txistualdia Valentziako Mestalla futbol-zelaian gertatu zen.
“Hori da zalantzan jartzen duguna”, azaldu du Florianok. “Ekintza horiek adierazpen askatasunaren barruan kokatzerik ez dago”, gaineratu du PPko ordezkariak.
“Gertakari horiek ezin dira berriz gertatu”, azpimarratu du Florianok, eta aldaketak zeintzuk izango diren ez aurreratzeko argudio gisa “zuhurtzia” aipatu du PPko Antolakuntza idazkariordeak.
Astirik ez
Ordu batzuk geroago, legealdi honetan legea aldatzeko astirik ez dagoela onartu du Espainiako Gobernuak, Jose Luis Ayllon Gorteen Estatu Harremanetarako idazkariaren eskutik.