Politika -

Ustezko xantaia

Auziaren ikerketak bi urte iraun izana deitoratu du Cerverak

Abian da PPko diputatu ohiaren aurkako epaiketa, Jose Antonio Asiain Nafarroako Kutxaren presidentea ohiari xantaia egitea leporatuta.

Santiago Cervera PPko diputatu ohia. Artxiboko irudia: EFE
Santiago Cervera PPko diputatu ohia. Artxiboko irudia: EFE
Auziaren ikerketak bi urte iraun izana deitoratu du Cerverak

01:37

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko Justizia Jauregiak hasiera eman dio gaur goizean Santiago Cervera PPko diputatu ohiaren aurkako epaiketari. Hain zuzen ere, Jose Antonio Asiain Nafarroako Kutxaren presidentea ohiari xantaia egitea leporatzen diote. Akusazio partikularrak, Asiainek berak, 14 hilabeteko espetxe-zigorra eskatu du. Fiskalak eta defentsak, ostera, absoluzioa.

Epaiketa hasi baino lehen kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, auziaren ikerketak bi urte iraun izana deitoratu du Cerverak.

Gainera, 22 guardia zibil deklaratzera deitu izana kritikatu du. "Logikoa al da auzi honetara 22 guardia zibil bideratzea? Berdin egingo lukete beste edozein pertsonak jarritako xantaia salaketa batekin?", galdetu du.

Radio Euskadik aurreratu duenez, baliteke Cerverak salaketa aurkeztea Estatuaren aurka, legez kanpoko atxiloketa egitea egotzita.

Gertakariak 2012ko abenduan jazo ziren. Orduan, Asiainek salatu zuen gutun-azal batean 25.000 euro gordetzeko eskatzen zion posta anonimo bat jaso zuela, abokatu gisa Nafarroako Kutxari diru-kopuru esanguratsuak fakturatzen ari zizkiola argitaratzeko mehatxupean.

Posta jaso eta egun batzuk geroago, Guardia Zibilak diputatu ohia atxilotu zuen, Iruñeko harresi zaharraren zirrikitu batean ustez diruaren gutuna jasotzera zihoanean.

"Tranpa bat"

Cerverak diputatuaren aktari uko egin zion atxilotu zutenean. "Tranpa baten" biktima izan zela argudiatu du beti PPko diputatu ohiak. Azaroaren 29an Nafarroako Kutxaren inguruko isilpeko informazioarekin posta elektronikoa jaso zuela azaldu zuen Ceverak.

Asiainek jasotako posta elektronikoaren egilea nor den zehazterik ez dagoela uste du Ministerio Fiskalak. Zentzu horretan, posta kontua sortu eta mezua bidali zenean Cervera Internetera konektaturik ez zegoela zehaztu du defentsak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko argazkiak Nafarroa gaur