Politika -

Eusko Legebiltzarra

Ertzaintza 'bidean' da gomazko pilotak ordezkatzeko prozesuan

Hala erantzun dio Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak Gorka Maneirori (UPyD), Legebiltzarreko kontrol saioan.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritza ''bidean'' da Ertzaintzaren gomazko pilotak beste material batzuekin ordezkatzeko prozesuan, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak ostiral honetan adierazi duenez.

Eusko Legebiltzarrak eskatu bezala, kalte txikiagoa eragiten duten beste material batzuekin ordezkatu behar dituzte gomazko pilotak Ertzaintzan.

Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan egin ditu adierazpenak sailburuak, Gorka Maneiroren (UPyD) galdera bati erantzunez. Hain zuzen ere, apirilaren 16an gomazko pilotak beste material batzuekin ordezkatzeko eskaera onartu zuen Legebiltzarrak, eta Beltran de Herediak adierazi du prest daudela ebazpen hori betetzeko.

Maneirori zuzendutako erantzuna izan da sailburuarena, UPyDko ordezkariak Gervasio Gabirondo Ertzaintzako zuzendariak gaiaz egindako adierazpenen inguruan galdetu ostean. Izan ere, Gabirondo gomazko pilotak kentzearen kontra azaldu da berriki.

Beltran de Herediak azpimarratu du gomazko piloten erabilera jada ''murriztu'' dutela, eta ''salbuespenezko egoeretan bakarrik'' erabiltzen dituela Brigada Mugikorrak.

Sailburuak berretsi du Ertzaintzak ''material eraginkorra'' behar duela, baina, aldi berean, material horrek ''pertsona guztien segurtasuna bermatu'' behar duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza