Politika -
ORDEZKOA ERAKUNDEAN
Manu Lezertua, datozen bost urteotarako ararteko
EAJren, PSE-EEren eta PPren aldeko botoekin izendatu dute. Iñigo Lamarca ordezkatuko du legelari bilbotarrak.
E.GARAIKOETXEA | EITB.EUS
Manu Lezertua legelaria ararteko izendatu du ostegun honetan Eusko Legebiltzarrak osoko bilkuran, EAJren, PSE-EEren eta PPren aldeko botoekin.
Iñigo Lamarcaren, 10 urtez karguan izan denaren, lekua hartuko du Lezertuak. Lamarcak 2014ko urriaren 15ean bukatu zuen agintaldia, eta Julia Hernandez aritu da azken hilabeteetan jarduneko ararteko gisa. Bost urtez izango da herri-defendatzailearen bulegoko buru Lezertua.
Ararteko izateko, legebiltzarkideen hiru bostenen babesa behar zuen; bestela esanda, 45 boto. Jeltzaleek, sozialistek eta popularrek (53 boto) horren alde egin dute; EH Bilduk Luix Barinagarrementeriaren alde bozkatu du (21 boto), eta UPyDk boto zuria eman du.
Lezertuak gonbidatuen aulkitik jarraitu du bozketa, eta legebiltzarkideek zoriondu ostean, Legebiltzarreko prentsa-aretora joan da adierazpenak egitera.
Manu Lezertua Rodriguez 58 urteko legelari bilbotarra da, eta Euskadiko eta Europako zenbait erakundetan (Eusko Jaurlaritzan, besteak beste) aritu da legelari lanetan. Ia 30 urte eman ditu Europako Giza Eskubideen Auzitegian lanean, eta, azken urteetan, Europako Kontseiluko goi mailako funtzionarioa izan da, delitu ekonomikoen kontrako atalean eta idazkari nagusiaren aholku kontseiluan. Ama hizkuntza gaztelania du, baina Euskaltzaindiak emandako euskarazko titulua ere badu, frantsesa eta ingelesa menperatzen ditu, eta aleman eta italierako oinarrizko maila du.
Arauak "gizalegez aplikatzea bermatu" behar da
Lezertua duela bi egun aritu zen Eusko Legebiltzarrean Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Herritarren Partaidetzaren Batzordean bere proposamenak azaltzen. Bertan esan zuenez, Arartekoak ez du gizartea "ikaratzen" duen krisia edo "ekonomia konpondu" behar, baina arauak "gizalegez, duintasunez eta zentzuz "aplikatzea bermatu behar du.
Bilbotarrak herri-defendatzailearen aurrekontua eta egitura "arreta handiz" aztertzeko konpromisoa hartu zuen. Horrela, dirua aurrezteko bide posibleak bilatuko ditu, baina erakundearen "eraginkortasuna galdu gabe".