Politika -
Kutxabank auzia
Herri akusazioak dirua itzultzeko exijitu dio Cabiecesi
Herri akusazioa osatzen duten eragileek kontzentrazioa egin dute Bilboko epaitegiaren atarian, Recondoren eta Sanchez Asiainen deklarazioaren harira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuak eta EKA eta Euskal Herriko Pentsiodunen Plataformak osatzen duten herri akusazioak eskaria egin dio Mikel CAbieces Espainiako Gobernuak EAEn zuen ordezkariari: Kutxabankeko auziaren baitan jasotako dirua "itzultzeko" eta "auzitegian onar dezala modu ez zilegian dirua jaso zuela".
Herri akusazioa osatzen duten eragileen izenean hitz egin dute Ana Perez eta Urtzi Ostolosaga arduradunek. Horien esanetan, eskatu dituzten deklarazioekin frogatu nahi dute Cabieces ez zutela kontratatu Kutxabanki zerbitzu bat eskaintzeko: "EAJ, PP eta PSE-EE alderdien artean adostu zuten BBK-ko Administrazio Kontseiluko kide izango zela lehenik eta Patronatuko kide gero".
Gainera, lekukotza horiekin frogatu nahi dute Cabiecesek ez zituela abokatu lanak egiten Alcortaren bufetean; izan ere, "ez dago justifikatuta egiten zituen lanak Kutxabank finantza erakundearentzat beharrezkoak zirenik".
Hori dela eta, "mesedeak" antolatu edota horien onura jaso dutenei erantzukizunak bere gain hartzeko eskatu diete.
Bestalde, herri akusazioak berretsi du Cabiecesek Kutxabankek eta Iberdrolak soldata ordaintzen zioten bitartean, langabezia saria ere kobratu zuela.
Asiain eta Recondo
Ignacio Sanchez Asiain Kutxabankeko negozio zuzendari ohiak eta Diego Recondo Giza Baliabideetako arduradunetako batek lekuko gisa deklaratu dute Kutxabank auzia daraman epailearen aurrean, herri akusazioak hala eskatuta. Ana Isabel Alvarez epailea Kutxabankek, ustez, Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari ohiari egindako legez kanpoko ordainketak ikertzen ari da.
Lekuko horien deklarazioen harira, Kutxabank auzian herri akusazioa osatzen duten eragileek -LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuak, EKA kontsumitzaileen elkartea eta Euskal Herriko Pentsiodunen Elkartea- elkarretaratzea egin dute Bilboko epaitegien atarian. Herri akusazioa osatzen duten eragileek Cabiecesi eskatu diote bidegabe jasotako dirua epailearen aurrean aitortzea eta diru guztia itzultzea.
Kasuko epaileak maiatzaren 16an hartu zien deklarazioa, inputatu gisa, Cabiecesi eta Rafael Alcorta abokatuari. Halaber, maiatzaren 17an lekuko gisa deklaratu zuten Fernando Lopez de Eguilaz Kutxabankeko Giza Baliabideetako zuzendariak eta Roberto Moll Kutxabankeko barne ikuskaritzako zuzendariak. Oraindik deklaratzeko gelditzen diren lekukoak ekainaren 19an igaroko dira epailearen aurretik.