Politika -
'Armiarma III' operazioa
19 lagun atxilotu dituzte sarean terrorismoa goratzea egotzita
Horietatik 12 lagun EAEn atxilotu dituzte (7 Bizkaian, 2 Gipuzkoan eta 3 Araban). Sei erkidegotan egin dute operazioa.
Agentziak | Erredakzioa
Sare sozialetan ustez terrorismoa goraipatu duten lagunen kontrako polizia operazio zabala egin du gaur Guardia Zibilak. Oraingoz, 19 lagun atxilotu dituzte sei erkidegotan, tartean EAEn.
Zehazki, 7 pertsona atxilotu dituzte Bizkaian, 2 Gipuzkoan eta 3 Araban, iturri polizialek jakitera eman dutenez.
Bizkaian, bi lagun atxilotu dituzte Barakaldon, bat Getxon eta beste bat Portugaleten.
Arabako atxilotuen artean, bat Amurrikoa da eta beste bi, berriz, gasteiztarrak.
Dena dela, EAEn atxilotuetako 7 dagoeneko aske geratu dira, deklaratzeari uko egin ostean, Ane Ituño abokatuak jakitera eman dutenez.
EAEtik kanpo, hiru lagun atxilotu dituzte Bartzelonan, bat Madrilen (Cesar 'Strawberry', Def Con Dos taldearen abeslaria), bat Valentzian, beste bat Vigon eta azkena Segovian.
Operazioa sei erkidegotan dago zabalik: Gaztela eta Leon, Katalunia, Galizia, Madril, EAE eta Valentzia. Guztira, 30-40 pertsona atxilotu ditzaketela zehaztu dute polizia iturriek.
'Armiarma III'
Gaurkoa 2014an bi fasetan egindako 'Armiarma' operazioaren segida da, Guardia Zibilaren esanetan. Lehen fasean, apirilean, 21 lagun atzeman zituen Guardia Zibilak; bigarrenean, urrian, 19.