Politika -
HERRI AKUSAZIOAREN SALAKETA
Kutxanbanken soldataz gain, langabezia kobratu omen zuen Cabiecesek
Auzian herri akusazio diren sindikatu eta elkarteen arabera, urtebetez kobratu zuen saria, Iberdrolak eta bankuak ordaintzen zioten bitartean.
Agentziak | Erredakzioa
Kutxabankek eta Iberdrolak soldata ordaintzen zioten bitartean, langabezia saria ere kobratu zuen Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari ohiak, izen bereko auzian herri akusazio gisa agertutako sindikatu eta elkarteen arabera.
Mikel Cabiecesek, ostera, ukatu egin du Kutxabankek eta Iberdrolak soldata ordaintzen zioten bitartean, langabezia saria ere jaso zuela. Azaldu duenez, hilabete eta erdiz langabezia saria jaso zuen; gero, abokatu lanetan aritzeko autonomo gisa alta eman zuen eta gizarte segurantzako kotizazioen hileroko ordainketa eman zioten.
LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek eta EKA eta Euskal Herriko Pentsiodunen Plataformak ohar batean jakinarazi dutenez, urtebetez poltsikoratu omen zuen langabezia saria Cabiecesek, banketxeak eta Iberdrolak 110.000 euro ordaindu zizkioten bitartean. Informazio hori Kutxabanken ustez egindako ordainketa irregularrak ikertzen ari den Bilboko Instrukzioko 4. zenbakiko Epaitegiaren esku dago, horien hitzetan.
Herri akusazioaren esanetan, 2012ko martxotik 2013ko hilabete berera, Iberdrolak eta Kutxabankek "emandako soldataz gain" (65.450 eta 49.956 euro, hurrenez hurren, sindikatuen hitzetan), "14.004,39 euroko langabezia saria" jaso zuen Cabiecesek urtebetean.
Horien hitzetan, "zenbait alderdi politiko laguntza sozialak kriminalizatzen ari diren honetan, ate birakarien politika bultzatu dutenek ez dute inolako arazorik hainbat iruzur onartzeko, diru publikoa norberaren mesederako erabiliz, Cabiecesen kasuan PPk, PSE-EEk eta EAJk egin duten moduan".
Azkenik, Cabiecesek langabezia saria jaso izana "delitu penala" dela esan dute, ez zegokion dirua jasotzeagatik. Salatzaileen arabera, "abokatua eta Gobernuaren ordezkaria izaki", Cabiecesek bazekien egiten ari zena "ez zela legezkoa".