Politika -
Justizia
Ministro batzuek Justizian eskua sartzea salatu du Eusko Jaurlaritzak
Bestalde, Josu Erkoreka pozik agertu da Espainiako Gobernuak Erregistro Zibila erreformatzeko asmoari dagokionez atzera egin duelako.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako ministro batzuek azken hilabeteetan Justizian egindako "esku-sartzea" salatu du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Justizia sailburuak.
Europako Abokatuen Elkargoa Bilbon egiten ari den XXIII. Kongresua irekitzeko ekitaldian parte hartu du Erkorekak, eta bertan egin ditu adierazpenok.
Atzo, botere politikoak Justizia alorrean egindako esku-sartzeak salatu zituen Europako Abokatuen Elkargoen Federazioak, eta, horren harira, Erkorekak adierazi du bereziki azken hilabeteetan Espainian indar handia hartu duen fenomenoa izan dela.
Erkorekaren esanetan, Espainiako Gobernua izan zen "pasarte nagusieneko" protagonista. Auzitegi Nazionaleko eta Auzitegi Goreneko magistratu batzuen hitzetan, Espainiako hainbat ministrok egindako adierazpenak "independentzia judizialarentzat esku-sartze onartezina da". Hori dela eta, babesa eskatu zioten Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiari.
Eusko Jaurlaritzak begi onez hartu du Gobernuak Erregistro Zibilaren erreforman atzera egitea
Josu Erkorekak begi onez hartu du Espainiako Gobernuak Erregistro Zibila erreformatzeko asmoari dagokionez atzera egin izana. Halaber, zerbitzu hori esparru judizialean mantentzea eta lan hori idazkari judizialek egitea proposatu du.
Jaurlaritzako bozeramailea pozik agertu da, "erresistentzia handia egin badu ere", azkenean Justizia Ministerioak amore eman duelako hainbat autonomia erkidegok egindako presioaren aurrean.
Erregistro Zibileko zerbitzua esparru judizialean mantentzea nahi du Jaurlaritzak, eta, horretarako, lan horren ardura idazkari judizialei ematea proposatu du. "Formula egoki, positibo eta eraginkorra izan daiteke, eta idazkari judizialen kolektiboa arduratuko litzateke lan hori egiteaz", gaineratu du.