Politika -
ETA-ko preso ohiak
Jaurlaritzak gizarteratzea aldarrikatu du, amnistia eskaeraren aurrean
Iñigo Urkullu lehendakariaren gobernuak neurri "pragmatikoak eta errealistak" babestu ditu kartzela-politika aldatzeko, ETAko eta Iparretarretako 93 preso ohiak sinatutako agiriaren harira.
agentziak | erredakzioa
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak errefusatu egin du ETAko eta Iparretarretako 93 preso ohik egindako amnistia eskaera epaitzea, baina azpimarratu du Jaurlaritzaren jarrera "errealista eta pragmatikoa" dela kartzela-politika aldatzeko, eta 'Hitzeman' eta 'Zuzenbidean' egitasmoetan agertzen dela.
Erkorekak horixe adierazi du, Jaurlaritzaren bileraren osteko prentsaurrekoan, ETAko preso ohiek 400 kideri amnistia emateko egindako eskaera dela eta.
Kazetariek egindako galderei erantzuteko azaldu duenez, preso ohien adierazpena "aukera paregabea" da Jaurlaritzak 'Hitzeman' eta 'Zuzenbidean' egitasmoekin duen konpromisoa berresteko.
Erkorekak gogorarazi duenez, bi egitasmoak egungo legedian daude oinarrituta, beraz, ez litzateke legedia aldatu beharko neurriak aplikatzeko.
Hori dela eta, azpimarratu du hori dela Jaurlaritzaren "apustua" kartzela politika aldatzeko, jarrera "errealistetatik eta pragmatikoetatik" abiatuta.
Dena dela, ETAko presoak gizarteratzeko, aipatu egitasmoen baitan ere, "Espainiako Gobernuak eta presoek jarrera aldatu behar dute", ezker abertzaleko beste sektore batzuekin batera.