Politika -
Auzitegi Nazionala
Segiko absolbituek 'epaiketa politikoa' salatu eta epaia baztertu dute
7 zigortuekin batera epaituak izan ziren 21 lagunek mobilizazioak iragarri dituzte maiatzaren 16rako eta 17rako. Auzitegi Nazionalak sei urteko kartzela zigorra ezarri zien atzo zazpi gazteri.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Segiko kide izatea egotzita, iraila eta eta abendua bitartea epaitu zituzten 28 gaztetatik 21ek agerraldia egin dute eguerdian Gasteizen, eta adierazi dute "epaiketa politikoa" izan dela eta ez dutela epaia onartzen.
Atzoko Auzitegi Nazionalaren epaiaren ondotik, 28 gazte horietatik 21 absolbitu egin dituzte eta gainerako zazpi gazteri sei urteko kartzela zigorra ezarri diete, erakunde terroristako kide izatea leporatuta.
Horrela, absolbituta gelditu diren 21 lagunek mobilizazioak iragarri dituzte maiatzaren 16rako eta 17rako. Dena den, ez dute zehaztu mobilizazioa non eta nolakoa izango den.
Bestalde, Sortuk Auzitegi Nazionalaren epaia kritikatu du eta independentismoa kriminalizatzeko beste saiakera bat dela nabarmendu du. Halaber, epaia publiko egin aurretik zigortuak atxilotzea salatu du.
Atxiloketak salatzeko protestak
Gazteen atxiloketak salatzeko, Ertzaintzak Gasteizko Justizia Jauregian kateatu diren hiru gazte atxilotu ditu.
Atxiloketa 14:15ean gertatu da eta atxilotuei desordena publikoak eragitea, ertzainen aurrean identifikatzeari uko egitea eta desobedientzia delitua egotzi diete, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak berri eman duenez.
Bestalde, kontzentrazioa egin dute Iruñean "epaiketa politikoen" kontra Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean.
Auzitegi Nazionalak zigortutako hiru gazteren bila ari da Polizia
Auzitegi Nazionalak sei urteko kartzela zigorra ezarri zien atzo zazpi gazteri, erakunde terroristako kide izatea leporatuta. Horietako lau atzo bertan atxilotu zituzten, eta beste hiruren bila ari da orain Polizia, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Guztira, 28 gazte epaitu zituzten Auzitegi Nazionalean iraila eta abendua bitartean "jarduera politikoa" egiteagatik, Segiko kide izatea egotzita. Horietatik 12 zigorrik gabe gelditu dira, Fiskaltzak akusazioa erretiratu ondoren, eta Auzitegi Nazionalak bederatzi lagun absolbitu ditu, horien kontra froga nahikorik ez dagoela iritzita. Gainerako zazpiak, berriz, zigortu egin ditu.
Atzo bertan atxilotu zituzten zigortutako zazpi lagunetako lau: Xabat Moran, Marina Sagastizabal, Ainhoa Villaverde eta Bergoi Madernaz.
Epaiketa horretan zigortu dituzten beste hiru gazteen bila ari dira orain: Ibon Esteban, Igarki Robles eta Aiala Zaldibar.
Atzo atxilotu zituzten lau lagunak ertzain-etxean daude, Auzitegi Nazionalaren esku noiz utziko dituzten zain.