Politika -

M24

UPN edo aldaketaren haizea Nafarroan

Hauteskundeak errepikatzeko aukera ematen du foru arauak. Gauzak horrela, eta kinielak egitea arriskutsua den arren, baliteke maiatzeko korapiloa urrian askatzea Nafarroan.

Yolanda Barcina, UPN. EFE.
Yolanda Barcina, UPN. EFE.
Yolanda Barcina, UPN. EFE.

Iñaki Errea | EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yolanda Barcinak Roberto Jimenez sozialista alboan zuela hasi zen legealdia. Koalizio gobernuak bizitza laburra izan zuen, halere, eta berriz ere bertan behera geratu zen bien arteko elkalana Nafarroan. Konturatu orduko, Barcinak baztertu egin zuen Roberto Jimenez presidenteordea. Orduan hasi zen UPNren eta PSNren arteko liskarra, legegintzaldi osoan arrastoa utzi duena.

Isla nabaria izan du Nafarroako Parlamentuan hausturak. Han eta hemen, gai ezberdinetan agerian  gelditu da Gobernuaren bakardadea, sozialistek bat egin baitute oposizioaren hainbat ekimenekin: Euskararen Legearen aldaketa, zergak, ustezko ustelkeria auziak ikertzeko proposamenak...

Eta ezin saihestu itxurazko ustelkeria auziak pilatu dituen zerrenda beltza. Nafarroako mugak gainditu dituzten Nafarroako Kutxa, Ogasun Departamentua edo Osasuna aferak guztien ahotan izan dira. Ikerketa batzordeak han, Justizia Jauregiko joan-etorriak hemen. Epaitegietan zabalik oraindik guztiak.

Legealdiarekin batera, agur esan dute hainbat urtetan –hamarkadatan, kasu askotan– Nafarroan alderdi politiko nagusien norabidea zehaztu dutenak: Patxi Zabaleta, Yolanda Barcina , Juan José Lizarbe, Txentxo Jiménez eta Roberto Jimenez bera. Ziklo berriaren aurpegiak  Jose Javier Esparza, Maria Chivite, Uxue Barkos eta Adolfo Araiz izanen dira.

Eta orain, zer? Horixe da galdera Nafarroan. Orain aldaketa datorrela dio oposizioak. Nafarroak duen nortasun propioa orain arte defendatu duten alderdiek kudeatu dezaketela dio, ordea, UPNk. Esanguratsua da, oso, kanpainaurreko egoera, inoiz ikusi ez diren agerraldi, batzar, eztabaida eta herritarrekin harremanak egin baitituzte alderdiek. Kanpaina hastear dago, baina Nafarroan aspaldian hasia dela esan daiteke.

Nafarrometroak muturreko datuak eman zituen, Podemos-Ahal Duguri inork pentsatuko ez lukeen emaitza egokituz. Ondoren argitaratutako inkestek, berriz, Nafarroako egoera soziologikoa kontuan hartuta egokiagoak diruditen zenbakiak eman dituzte.

Ate-joka kanpaina eta ate-joka ere boto-kutxetara hurbiltzeko eguna. Aspaldiko partez ez bezala, Parlamentuan ordezkaritza lortzeko moduko 8 indar daude Foru Erkidegoan. Gobernua osatzeko garaian, derrigorrezkoak izanen dira itunak, 26 eserleku lortzea baita helburua. Horixe Nafarroako Jauregirako bidea. Zaila dirudi UPNk orain arte izan duen protagonismoa errepikatzea. Noren esku izango da Gobernua osatzeko ardura? Inoiz baino zabalago daude aukerak eta, inkestei begiratuz, José Javier Esparza eta Uxue Barkos izango dira protagonista nagusiak lehian.

Baina ezin ahaztu Nafarroako presidentea hautatzeko prozedura aldatu egin dela, eta orain arte ez bezala, hauteskundeak errepikatzeko aukera ematen du foru arauak. Gauzak horrela, eta kinielak egitea arriskutsua den arren, baliteke maiatzeko korapiloa urrian askatzea Nafarroan. Batek daki!

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Udal eta Foru hauteskundeak 2015