Politika -

Andaluzia

Ustelkeriaren kontrako itun handi bat proposatu du Susana Diazek

Goi kargudunen kopurua % 10 jaisteko eta etxegabetzeak saihesteko "alternatibak topatzeko" konpromisoa agertu du hautagai sozialistak.

Susana Diazek ez du aukeratua izateko babes nahikoa.
Ustelkeriaren kontrako borroka gogorra agindu du Susana Diazek

1:23

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Susana Diaz Andaluziako presidente izateko hautagai sozialistak ustelkeria politikoaren kontrako itun handi bat proposatu die gainerako taldeei inbestidura eztabaidaren lehen saioan egin duen hitzaldian.

Sozialistentzat azken urteotako inbestidura eztabaida gogorrena da gaur eguerdian abiatu den hau, Diazek ez baitu beste taldeen babesik. Hitzaldian, PSOEren gobernu programaren oinarriak defendatzen ari da Diaz. Lau oinarri ditu: ustelkeriaren kontrako borroka, susperraldi ekonomikoa, zerbitzu publikoak blindatzea eta Andaluziaren finantza sistema defendatzea.

Lehenengoaren harira,  20 neurri zehatz proposatu ditu Diazek eta presidente aukeratzen badute, hainbat konpromiso hartu ditu ustelkeriaren kontrako borrokan. Diazen hitzetan, Espainia osora zabaldu behar den "anbizio handiko" neurri sorta da Andaluziako sozialistek defendatutakoa.

Besteak beste, Ustelkeriari eta Iruzurrari Aurrea hartzeko Andaluziako Bulegoa sortzea, Kargudunen Estatutua eta Gobernu Onaren Legea onartzea eta ustelkeria politikoan nahastutako kargudunak euren postutik kentzea proposatu du Diazek. Horrez gain,

Ekonomiaren eta enpleguaren inguruan egindako proposamenen artean, honakoak aipatu ditu hautagai sozialistak. klase baxu eta ertainei pertsona fisikoen gaineko zerga 2-3,5 puntu jaistea, ezkutuko ekonomiaren kontrako egitasmo zehatz bat martxan jartzea edota kenkari jakinak martxan jartzea. Horrez gain, Andaluziako Gobernuaren goi karguak % 10 murriztuko dituela hitzeman du. Iragarpen honekin Podemosek egindako eskaera bati erantzun dio Diazek.

Horrez gain, administrazio publikoak dituen baliabide eta eskuduntza guztiak erabilita, finantza erakundeei etxegabetzeak saihesteko "alternatibak topatzeko" neurriak eskatuko dizkie.

Inbestidurari buruz ere aritu da buruzagi sozialista. Alderdiei Andaluziako erakundeak "blokeatzeko duten seta" bazter uzteko deia egin die. Diazen hitzetan, "ez litzateke logikoa izango akordiorik edo elkar-ulerturik ez egotea". Oposizioko lau alderdiei gogorarazi dienez, Andaluzia gobernu barik geratuta "ez da oposiziorik egongo eta ez da andaluziarrek martxoaren 22an hauteslekuetan emandako agindua beteko".

Diazen hitzaldia amaituta, asteartera arte bertan behera utziko dute saioa. Taldeen txanda izango da orduan. Bost taldeetako ordezkariek 30 minutuz hitz egin ahalko dute, txikitik handira ( IU, Ciudadanos, Podemos, PP eta PSOE)

Diazek bozeramaile bakoitzari erantzungo dio, eta hauek 10 minutuko erreplika egin dezakete. PSOEko hautagaiak eztabaidaren edozein unetan hitz egiteko eta saioa amaitzeko eskubidea izango du.

Inbestidurarako lehen bozketa astearte arratsaldean egingo dute. Hautagaiak Parlamentuko gehiengo osoaren babesa behar du (109 parlamentari dira). Litekeena da gainerako taldeek kontra bozkatuko dutela.

Bigarren bozketa, ostegun edo ostiralean

48 ordu geroago, bigarren bozketa bat deituko du Juan Pablo Duran Andaluziako Parlamentuko presidenteak. Saioa maiatzaren 7ko arratsaldean edota maiatzaren 8ko goizean egingo dute, lehen osoko bilkuraren amaiera orduaren arabera.

Bigarren saio honetan gehiengo soilaren babesa behar du Susana Diazek aukeratua izateko. Hala, PSOEk ganberan dituen 47 eserlekuri PPren (33 parlamentari) edo beste talde batzuen abstentzioa beharko du hautagaiak (Podemosek 15 diputatu ditu, Ciudadanosek, 9 , eta IUk, 5).

Bigarren bozketan ere babes nahikorik ez badu, osoko bilkura gehiago deitu beharko ditu Duranek bi hilabeteko epean. Tarte horretan presidentea hautatzen ez badute, berriro deitu beharko dituzte hauteskundeak, baina halakorik gertatuko dela baztertu dute talde parlamentarioek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Albisteak PSOE