Politika -

Iragarpena

Polizien biktimen dekretua Lege bihurtuko du Jaurlaritzak udazkenean

Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak ETB-1n iragarri duenez, biktima horien "segurtasun juridikoa" indartuko du Lege berri horrek.

'Aitortu gabeko biktimei babesa emateko lege proiektua egingo dugu'

02:29

I.GOMEZ / D.PEREZ | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak iragarri du Urkulluren Gobernuak polizia gehiegikerien biktimak babesteko Lege bat onartuko duela datorren udazkenean.

Biktima horiei laguntzak emateko dekretuaren zati bat baliogabetu zuen atzo EAEko Auzitegi Nagusiak, Estatuko Abokatutzaren helegite bati men eginda. Dekretua Patxi Lopez buru zuen gobernuak onartu zuen 2012ko ekainean eta gerora, 2013ko urrian, moldatu zuen Jaurlaritzak. Estatuko Abokatutzak helegitea jarri zuen horren kontra eta orain etorri da auzitegiaren erabakia.

Dekretuak, 1960 eta 1978 urteen artean poliziaren gehiegikeriak jasandako biktimak babesten ditu, eta 35.000 euro eta 390.000 euro arteko kalte-ordainak aurreikusten ditu.

Jonan Fernandezk ETB-1eko Egun On Euskadi saioari eskainitako elkarrizketan iragarri duenez, Jaurlaritzak Lege bat onartuko du udazkenean, biktima horiei "segurtasun juridikoa bermatzeko" xedearekin. Zehaztu duenez, Jaurlaritzak "asteak daramatza" lanean, Lege hori udazkenean aurkeztu ahal izateko.

“Ez da atzo hartutako erabakia izan. Pertsona horiek gehiegikeriak pairatu zituzten 70. hamarkadan, eta guk babesa eman behar diegu. Lege honek indar handiagoa izango du”, azaldu du.

"Jaurlaritzaren helburua biktima guztiak eta eskubide guztiak babestea eta bermatzea da. Segurtasun juridikoa biktimei bermatu behar zaie", erantsi du.

Dekretuaren bidea "ona" izan zela aitortu du Jonan Fernandezek, baina "ez zen perfektua". "Dekretuaren bidea baliogarria izan da, lagundu digu, baina ez da nahikoa: Lege bat behar dugu", jakinarazi du.

Horregatik, Jaurlaritza udazkenean aurkeztuko duen Lege hori lantzen ari da, "biktima hauen eskubideei erantzuna emateko" helburuarekin.

Bestaldea, EAEko Auzitegi Nagusiak atzo hartutako erabakiaren aurrean errekurtsoa jartzea aztertuko du Urkulluren Exekutiboak. "Biktimen ikuspuntutik aztertuko dugu, hau da, biktimei komeni zaiena aintzat hartuz. Errekurritzea komeni bada, egingo dugu,  bestela ez".

Biktima horiei “froga sinesgarriak” ez eskatzeagatik kritikak jaso izana ukatu du Jonan Fernandezek. “Epaileak ez du hori esaten, inondik inora”. Bere hitzetan, Estatuko Abokatutzak jarritako helegitea “oztopoak jartzea” zuen helburu bakarra.

Horrez gain,  jasotzako diru-laguntzak ez dituztela itzuli beharko baieztatu du Jonan Fernandezek. Auzitegiak “kolokan” jarritakoak 10.000 eurotik beherakoak izan direla zehaztu du.

'Itxaropen faltsuak'

Bestalde, EH Bilduren azken proposamena "hauteskunde-argudiotzat" jo du, aurrekanpainan murgilduta gaudenean eta "kanpainako ekitaldi batean" aurkeztu zela argudiatuz. Izan ere, "kanpainan" gai horiek eztabaidatzea ez du komenigarri ikusten.

Horrez gain, presoen senideei "itxaropen faltsuak" ez emateko eskatu dio Jonan Fernandezek ezker abertzaleari. "Ez dut uste komenigarria denik presoen familiei espektatiba faltsuak ematea", gaineratu du.

Ekimen bat aurkezten denean, "horri esker zerbaita aldatzen den" ikusi behar dela adierazi du Fernandezek. Horren harian, EH Bilduren dokumentuan ez duela aldaketarik atzeman azpimarratu du. "Ekintzak, konpromisoak eta gauzak aldatzeko egutegiak behar dira eta, orain arte behintzat, ez dago ezer".

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskadi Ta Askatasuna albisteak