Politika -
Torturari buruzko txostena
Espainiak atxilotuei ezartzen dien inkomunikazioa kritikatu du NBEk
Torturaren aurkako Batzordeak inkomunikazio erregimenaren gehiegizko aplikazioa eta horren baldintzak salatu ditu.
agentziak | erredakzioa
Nazio Batuen Erakundeko Torturaren aurkako Batzordeak Espainiako Estatuak atxilotuei ezartzen dien inkomunikazio erregimena kritikatu du, gehiegizkoa eta baldintza txarretan ematen delako.
Espainiako Estatua Torturaren aurkako Hitzarmena betetzen ari ote den aztertuko du batzordeak gaur eta bihar.
Gaurko agerraldian hitza hartu duten bederatzi batzordekideetako zazpik inkomunikazio erregimena izan dute hizpide, eta nola aplikatzen den kritikatu dute.
"Kritika dezente jaso ditugu inkomunikazio erregimenaren inguruan. Terrorismoak ez du inolako justifikaziorik, baina ezta gehiegikeriek ere. Ez da ahultasun kontua, baizik eta zuzenbide estatuaren indarra", adierazi du Cladio Grossman Espainiako Estatuko txostena egingo duen batzordeko presidente eta kontalariak.
Bestalde, Alessio Bruni batzordekideak inkomunikazio epearen luzapena izan du hizpide, eta 14 egun baino gehiago ezin dela luzatu gogorarazi du. Horren harira, 42 egunera arteko inkomunikazioen berri izan dutela azpimarratu du, eta preso horien osasun egoeraren berri jakin nahi duela adierazi du.
Brunik Estatuko presondegietan jende gehiago dagoela ere kritikatu du; izan ere, batez beste, % 145ean daude, eta Gobernuari galdetu dio ea zer egiteko asmoa duen egoerari aurre egiteko.
Gainera, Jens Modvig batzarkideak gogorarazi du azken lau urteetan 300 tortura salaketa jaso dituztela Espainiako Estatuan, eta horietako zenbat ikertu, zigortu eta zenbatek jaso duten kalte-ordaina galdetu du.