Politika -

Gure Esku Dago

Gure Esku Dagok 'joste eguna' ospatu du asteburuan

Azken hilabeteotan osatutako oihal zatiak elkartu eta josi dituzte, ekainaren 21ean Euskal Herriko bost hiriburuetan hautestontzi erraldoiak eraikitzeko.

Gure Esku Dagoren gaurko ekitaldia Hernanin. Argazkia: EiTB
Gure Esku Dagoren gaurko ekitaldia Hernanin. Argazkia: EiTB
Gure Esku Dagoren gaurko ekitaldia Hernanin. Argazkia: EiTB

O.A. | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gure Esku dago ekimenak antolatuta, "joste eguna" ospatu dute asteburuan Euskal Herriko hamaika txokotan. Azken hilabeteotan osatutako oihal zatiak elkartu eta josi egin dituzte, ekainaren 21ean Euskal Herriko bost hiriburuetan hautestontzi erraldoiak eraikitzeko.

"Nork bere ideiak, ametsak, desioak idatzi ditugu oihal zatietan. Orain, amets eta desio guzti horien elkartzeari bide eman nahi diogu", adierazi du Gure Esku Dago ekimenak ohar batean.

Oihal zatiak josteaz gain, 70 ekitaldi baino gehiago egin dituzte asteburuan batean eta bestean, erabakitzeko eskubidearen alde ahalik eta atxikimendu gehien jasotzeko.

Atzo, larunbata, Sab Vincent de Horts herriko "castellerren" bisita izan zuten Beasainen eta Aramaion, berriz, etxekoen eta legutioarren arteko bertso-pilota lehia izan zen. Halaber, antzara-joko erraldoi bat egin zuten Elgoibarren eta herri kirol jaialdia, ostera, Donezteben.

Gaur, igandea, festa eguna izan da Hernanin eta Muskizen. Gipuzkoako herrian "Udaberri festa" egin dute bigarrenez eta nazioarteko 12 herrialdetako pintxoak dastatzeko pintxo-potea ere izan da.

Bestalde, Euskal Herriko mugetatik kanpo, "joste eguna" ospatu dute New Yorken (AEB) eta La Platan (Argentina).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gure Esku