Politika -
Dirua zuritzea egotzi diote
Ratok ziurtatu egin du 27 milioi baino 'askoz gutxiago' duela
Espainiako Gobernuko presidenteorde ohiak, era berean, ukatu egin du sozietateak diruz hustu izana eta paradisu fiskaletan edukitzea.
EFE
Rodrigo Rato Espainiako Gobernuko presidenteordeak adierazi du Ogasunak egozten dizkion 27 milioi euro baino "askoz gutxiago" duela, eta era berean, ukatu egin du sozietateak garbitu izana eta paradisu fiskaletan, "ez EBtik kanpo", edukitzea.
"Nire ondarea txikiagoa da. 27 milioiko kopurua ez da erreala, ez du oinarririk", esan du Ekonomia ministro ohiak EFE albiste agentziari erantzunda eta El Mundok argitaratutako informazioaren ildotik .
Gainera, NDFko zuzendaria izandakoak gezurtzat jo du 1,42 milioiko iruzurra egin izana 2012 eta 2013 urteetan, PFEZari dagokionez, urte horietan ez baitzegoen lanean.
Aipatutako hedabidearen arabera, halaber, Zerga Agentziak 939.741 euroko iruzurra leporatu dio, antza, 2011ean, 2012an eta 2013an Sozietateen Zergaren bidez egindakoa. Berak lotura zuzena omen zuen sozietateekin eta, urte horietan, 12 milioi euro mugitu zituzten enpresok dibisetan.
"Ez ditut 12 milioi mugitu inolako dibisan, eurotan ere ez, bizitza osoan", baieztatu du bankari ohiak. Horrez gain, Ratok berretsi du berak ez duela "moneta salerosten" eta, "transferentziak egiteko aukera izan duen arren, zenbait dibisatan", inoiz ez duela "hainbeste" mugitu.
Bestalde, sozietateetako ondarea desegitea egotzi dio Ogasunak, prozesuetako fidantzak ez ordaintzeko helburuarekin. Erakundearen arabera, operazioak "2014 eta 2015 urteetan egin ditu eta baliteke Rodrigo Rato Figaredok izan lituzkeen erantzukizunak -Bankia auzia dela eta- ekiditeko helburuarekin egin izana".
Berriz ere, Ratok errefusatu egin du eta erantzun du urte horietan ez duela "ezer saldu, higiezin bat bera ere", baina, zehaztu duenez, "ezer saldu baldin badu", esaterako, akzioak, "zerbait ordaintzeko izan da, adibidez, kreditu bat".
Bai onartu egin du, ordea, VivaWay sozietateko jabea izatea, baina azpimarratu du berak ez duela "Gibraltarrekin inolako negoziorik egiten".
Halaber, aitortu du Catalonia Berlin Mitte hotelaren (Berlinen) % 44ren jabe dela, baina "ezinezkoa" da 17 milioi euro jasotzea hotelaren alokairuagatik, kopuru hori ez baitu "fakturazioan" ere pilatzen.