Politika -
Diru zuritzea
Ratok ukatu egin du zerga paradisuetan edo EBtik kanpo dirua duenik
Miaketen harira, Nazioarteko Diru Funtsaren buru ohiak Justiziarekiko konfiantza eta elkarlanerako prestutasuna erakutsi du.
Agentziak | Erredakzioa
Rodrigo Rato Espainiako Gobernuko presidente ohiak esan du ez duela elkarterik "ez zerga paradisuetan, ez Europar Batasunean", Ogasunak zerga paradisuekin lotura zuten enpresa sare baten inguruan ikerketa abiatu ostean.
Bulegoa bigarrenez miatu ostean etxera iritsita, Ratok ukatu egin du Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epaileak Bankia auziaren baitan bermea eskatu ondoren elkarteen artean dirua lekuz aldatu duenik.
Izan ere, Zerga Agentziak ikerketa abiatu du, Ratoren beraren, Maria Angeles Alarco emazte ohiaren, horren ahizparen eta iloba baten izenean dauden enpresa batzuen inguruan.
Horren harira, Jose Maria Aznarren garaiko Ekonomia eta Ogasun ministroak argi adierazi du ez duela elkarterik "ez zerga paradisuetan, ez Europar Batasunean".
Ikerketako iturriek jakitera eman dutenez, dirua zuritzea galarazteko finantza inteligentziako unitateak, Sepblacek, alarma guztiak piztu zituen Bankia auziko berme eskaeraren ondoren bere enpresen artean diru mugimendu handiak atzeman zituenean. Horren inguruan galdetuta, Ratok ukatu egin ditu mugimenduok.
Miaketak
Miaketei buruz, berriz, Nazioarteko Diru Funtsaren buru ohiak Justiziarekiko konfiantza eta elkarlanerako prestutasuna erakutsi du.
Ostiral honetan, Rodrigo Rato Espainiako presidenteorde ohiaren bulegoa miatu dute berriro, ikerketako iturriek eta lekukoek jakitera eman dutenez. Dagoeneko, ordea, miaketa amaitu da eta etxean da NDFren buru ohia.
Ikerketako iturriek baieztatu dutenez, Ratoren bulegoan egin duten miaketa ostegun iluntzean hasitakoaren jarraipena da. Miaketa Madrilgo Fiskaltzak eskatuta egin zen; izan ere, salaketa jarri zuen iruzurra, kapital zuritzea eta ondasunak ezkutatu izana egotzita. "Atzoko miaketa osatzen ari dira", adierazi dute gaur egindakoaren harian.
EFE albiste agentziak jakitera eman duenez, Zerga Administrazioko Espainiako Agentzia eta Madrilgo Fiskaltza informazioa trukatzen ari dira Rodrigo Ratoren beste jabetza bat miatzeko erabakia hartu badute.
Ostegun gauean lau ordu igaro zituzten Rodrigo Ratoren bulegoa miatzen, bera bertan zela. Gauerdia pasatuta, Nazioarteko Diru Funtseko zuzendaria ere izan zena bulegotik atera zen, eta etxera eraman zuten, Poliziaren auto batean.
Atzo arratsaldeko bostak baino lehentxeago, Aduana Zaintzeko Zerbitzuko Agenteak (AEAT) eta Espainiako Poliziako kideak Ratoren etxera joan ziren, epaile batek urgentziaz agindutako miaketa egitera. Madrilgo Fiskaltzak eskatuta hartu zuen epaileak miaketa agintzeko erabakia.
Fiskaltzak Rato eta beste pertsona batzuk salatu ditu, baina gainerakoen izenen berri ez dute eman, eta sumarioa sekretupean ipini dute.
Bankiako presidente eta Nazioarteko Diru Funtsaren buru ohiaren etxea hiru orduz miatu ostean, atxilotuta eraman zuten haren bulegora, hura ere miatzeko asmoz.
Gauerdian, berriz, aske utzi zuten, etxea eta bulegoa zazpi orduz miatu ondoren.
Aduana Zaintzeko Zerbitzuko Agenteak (AEAT) eta Zerga Administrazioko Espainiako Agentziako kideak dokumentuz beteriko 20 kaxa atera zituzten Ratoren bulegotik. Hala ere, ez omen zuten denborarik izan ordenagailuetako materiala biltzeko.
2012ko amnistia fiskala
2012an Ratok amnistia fiskala baliatuta ondasunak erregularizatu zituela jakin ostean, Ministerio Fiskalak ikerketa abiatu zuen, eta horren ondorioz etorri omen da miaketa.
Zerga Agentziak horren berri izan zuenean, "familia elkarte sare konplexu bat" ikertzen hasi zen.
Sepblac, Kapital Zuritzearen eta Diru Arau-hausteen Prebentziorako Batzordeak (Ekonomia Ministerioaren mendekoa) du ikerketan sakontzeko eta delitu zantzuak dauden baieztatzeko ardura.
Auzia Madrilgo Fiskaltzaren esku badago ere, aurki Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak hartuko du bere gain.
Ratok 2012an ondasunak erregularizatzeko urratsak eman zituen, eta ondasun horien jatorriaren inguruko zalantzak direla eta, Ogasun Ministerioak dirua zuritzearen susmagarri diren 705 pertsonako zerrenda batean sartu zuen ministro ohia.
Beste kasu batzuetan inputatua
Bestalde, Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epaileak inputatu egin zuen Rato Bankiaren bat-egitea eta burtsara ateratzeko prozesuaren harian.
Era berean, Bankiako eta Caja Madrideko kontseilari ohiek erabiltzen zituzten 'black' txartelak nola erabiltzen zituen argitzeko auziaren barruan ere ikertzen ari dira Espainiako Gobernuko presidenteorde ohia.
Kontzentrazioa Genovan
Hainbat eragile sozialek deituta, kontzentrazioa egin dute ostiral honetan PPk Genova kalean duen egoitzan, "mafia" desagertzea aldarrikatzeko.
Kontzentrazio deialdia oso azkar zabaldu da sare sozialetan #FueraLaMafia17A etiketaren bitartez. Mezu horretan, "Ez dira sagar ustelak, mafia bat dira" lelopean egin den kontzentrazioan parte hartzeko deia egin dute deitzaileek.
300 bat lagunek elkarretaratzea egin dute PPko egoitzaren aurrean. Egoitza aurreko espaloian bildu dira eta Poliziaren dispositibo handi batek estu hartu ditu. Besteak beste, Gobernuaren dimisioa eskatu dute manifestariek.
Gainera, ?Rato, litxarrero, PPko kiderik txarrena?, ?Rato, litxarrero, zure aita eta aitona bezalaxe?, ?Rajoy, Cospedal, Soto del Realera? edo ?Guk ez dugu lapurretarik egin, beraiek bai?, oihu egin dute parte-hartzaileek. Bestalde, dirua itzultzeko eskatu diote presidenteorde ohiari.
Era berean, ?Estualdi gehiago? Hauteskundeak orain?, ?Sagar ustel bat? Ez. PP mafia bat da?, ?Gutunak edo txartelak, aurpegi gogorrek ordaindu dezatela behingoz?, ?Hainbeste txorizorentzako ogirik ez dago jadanik? edo ?Bandera asko, baina diru-zorroa Suitzan? pankartak erakutsi dituzte.